Filipinak 2028: kartzela eta Malacañang jauregiaren artean

  • Bi urte baino gehiago falta dira oraindik Filipinetako hurrengo presidentea hautatzeko, baina Sara Duterte Zimmerman egungo presidenteordeak iragarri du jada bere hautagaitza Malacañang jauregian jarri ahal izateko.

Sara Duterte presidenteordea eta 'Bongbong' Marcos presidentea. 2022ko hauteskundeetarako bi arerio-klanen, Marcos eta Dutertetarren artean adostutako tratua, menia bat zen, etorkizunean “orain zuek, ondoren gu” moduko turnismo bilaka zitekeen zerbaiten abiapuntua ikusi nahi izan zuenik bazen ere. Jonathan Cellona

2026ko otsailaren 24an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez da inor harritu: jakina zen... 2022ko hauteskundeetan Ferdinand Bongbong Marcos-ekin tandema eginez presidenteordetzarako aurkeztu eta hautatua izan zenetik. Irabazi, ez zuen gauza handirik irabazi Dutertek orduan, agian denbora eta ikusgarritasuna, baina hori ere aldez aurretik igarri zitekeen. 2022ko hauteskundeetarako bi arerio-klanen, Marcos eta Dutertetarren artean adostutako tratua, menia bat zen, etorkizunean “orain zuek, ondoren gu” moduko turnismo bilaka zitekeen zerbaiten abiapuntua ikusi nahi izan zuenik bazen ere.
 
“Agintera” iritsi eta berehala Sarak Marcos-Romualdez-Araneta klanarekin talka egingo zuela jakina zen, ordea. Hala igaro dira harez geroztiko urteak. Eta oraindik ere ikuskizun dago bere impeachmenta lortuko ote duten Sarak erruz dituen etsaiek. Ez da erraza izango. Zioetako bat da, noski, duela bi urte mundu mailako ospea eman zion hura: iragarri zuen bera hiltzen bazuten, Marcos akabatzeko prestamenak eginda uzten zituela. Egia izango zen, gainera. Horrela zegoen, eta dago, giroa.
 
Bizkitartean, urtebete darama jada Hagako ziegan Duterte aitak, “drogen aurkako gerran” hilarazi zituen ehunka, milaka pertsonaren kontura, auzitegiari men egin gabe. Baina auzibide horrek, galgatu baino gehiago hauspotu egiten du Sararen hautagaitza. Sarraski hark jende askoren oniritzia izan zuelako eta duelako Filipinetan. Nayib Bukele eta Donald Trump ez dira izan grina sekuritarioaren asmatzaileak ez jendearen segurtasun-irrikaren baliatzaile gupidagabeenak.
 
Filipinetako Konstituzioak xedatzen du sei urteko agintaldirako tiket berean aurkeztu arren bereizita bozkatu behar direla presidenteak eta presidenteordeak. Ordezkari politiko goren bien arteko “bizikidetza” txakurra eta katuaren artekoa bezalatsu izatea erakarri ohi du historikoki horrek. Duterte aita eta Leni Robredoren artean eta, ondoren, Bongbong Marcos eta Duterte alabaren artean gertatua da horren adibide paregabea. Biek ala biek ezin dute bigarren agintaldi baterako aurkeztu, behin agintea lortuz gero; bai ordea aurretiaz beretu ez duten posturako, orain Sarak egin asmo duen bezala.
 
Bere klanari, gainerakoei bezalaxe, darion ustelkeria-kiratsean datza Sara Duterteren benetako ahulgunea, oraingoz bederen. Uholdeen kontrolerako azpiegitura-obren iruzur erraldoian, nola ez, bustita agertzen dira Dutertetarrak. Eta kasu horretan, jendearen tolerantzia askoz meharragoa izaten ari da, kale-mobilizazioak adierazletzat hartzen baditugu. Bestelako kontua da haserre hori hautabide politiko batean gorpuztu eta eliteko klanak menderatzeko gaitasunik izango ote den.

Egin beharrekoa, haien kontra egin beharko delako.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.