Fernando Vidarte, ASPEko akzio gehienak saldu ostean: “Ez dut uste monopolio bat izango denik”

  • Fernando Vidartek, orain arte ASPE pilota enpresako administratzaile bakarra zenak, Bainet enpresari saldu dizkio akzio gehienak. Bainetek kontrola hartuta, eskuzko pilota profesionalean "monopolio aroa" ireki dela edo ireki daitekeela uste du zale askok, baina Vidartek esan du ASPEk "berdin" jarraituko duela eta Baikoren aurka lehiatuko direla, nahiz eta gaineratu duen ez dakiela Bainetek zer egingo duen. Hain justu, Pilota Pro Ligak oharra plazaratu du, non aipatzen duen Bainetek eta Baikok bideak bereizi dituztela.


2026ko urtarrilaren 20an - 10:08
Azken eguneraketa: 12:41
Vidartek zeuzkan akzio gehienak erosita, Asperen kontrola hartu du Bainetek. EITB
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Astelehenean emandako prentsaurrekoan, Vidartek adierazi du "denborak" esango duela zer gertatuko den. Eta gaineratu: "Ez dut uste monopolio bat izango denik". 28 urteko "bidaia" osasun arazoek eta ilusio faltak bultzatuta utzi duela azaldu du, eta "pilotaren onerako" saldu dizkiola akzio gehienak Baineti: "Beharrezkoa zen, eta lasai nago, dena eman baitut. Seguru nago Bainetek lagundu egingo diola pilotari, hazten jarraitu dezan. Bainetek eskarmentu handia du. Denborak esango du, baina, nire ustez, lan ona egingo dute".

Enpresaren telebista eskubideak Baineti saldu izanaz ere ez da damutzen, Berria-ko kazetari Julen Etxeberriak dioenez. "Egoera oso zaila zen", dio Vidartek, "begira nola gauden orain: lepo daude frontoiak". Hain justu, Etxeberriak dio denbora gutxian hartutako bi erabakik Baiko indartu dutela, eta erabaki horien ondorioz "monopolio itxura" hartu duela eskuzko pilota profesionalaren kudeaketak. Batetik, joan den astean jakin zen Vidartek utzi egin ziola Aspeko administratzaile bakarra izateari, eta Iker Moranek (Bainet enpresako finantza zuzendari eta kudeatzaileen ondokoak) hartuko zuela ardura hori aurrerantzean. Eta, bestetik, EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligari izena aldatu diote –Pilota Pro Liga izena du orain–, eta Jose Ramon Garai da haren kontseilari ordezkaria (besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria izan zen, Euskadiko Pilota federazioko buru, Bizkaia frontoiaren kudeatzaile, eta Baiko enpresako zuzendaria).

Bainetek Aspe "xurgatu" ostean, pilota profesionala de facto monopolio bat izatera pasatu dela idatzi du, bestalde, Deia-ko kazetari César Ortuzarrek.

Pelota Pro Ligak, baina, oharra plazaratu du (Baikok bere webgunean sareratu duena), Vidartek prentsaurrekoa eman eta ordubetera. Bainet Taldea Baikotik bereizi dela dio, han zeuzkan akzio gehienak transmititu zituela, eta Asperen akzio gehienak erosi dituela orain. Testuinguru horretan, Pelota Pro Ligak, hura osatzen duten enpresetan (Aspe eta Baiko) izandako aldaketen ondoren, hainbat konpromiso hartu ditu. Hala, “pilota profesionalaren etorkizunaren aldeko apustu sendoa duela berresten du, horren nortasun-ezaugarriak zainduko ditu eta bere tradizio aberatsa izango du oinarri". Halaber, “pilotaren sustapenarekin duen konpromiso soziala erakusten du”, eta, horretarako, “Pilota Pro Ligaren laguntza ekonomikoa jasoko duen fundazio bat sortu du, pilotari gazteen formakuntzari eta afizionatu mailako kluben jarduerari laguntzeko". Gainera, “pilotaren esparru geografikoa zabaltzeko eta lurralde berrietan bere presentzia zabaltzeko asmoa” agertu du.

Oso litekeena da Bainetek datozen egunetan ematea akzio salerosketari buruzko prentsaurrekoa. Pilotariek, bestalde, azalpenen zain daudela idatzi du Julen Etxeberriak Berria-n. Horri buruz galdetuta, Vidartek dio: "Ea minduta egon daitezkeen horregatik? Ez dizut ezetz esango. Haien tokian egongo banintz, ni ere haserretu egingo nintzateke. Baina gu ahalik eta diskrezio handienarekin ibili gara. Uste genuen horrela egin behar genuela. Ondo edo gaizki jokatu dugun? Dena ezin da perfektua izan". Aspeko administratzaile bakar ohia prest agertu da pilotariekin eta beste langileekin biltzeko. 

 

 


Irakurri gehiago: Pilota Kirola
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Pilota kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.