argia.eus
INPRIMATU
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati
  • Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako epaitegian.

     

     

     

Olaia L. Garaialde 2024ko martxoaren 14a
Muguruzaren aldeko murala, Bellreguardeko institutuko horma batean. Argazkia: VILAWEB

Valentziako Bellreguard herriko (Herrialde Katalanak) institutu bateko zuzendaritza taldeari "terrorismoa goratzea" egotzi diote. Talde kontserbadore batek jarri du salaketa, Fermin Muguruza musikari eta zinemagilearen bisita batengatik. Vilaweb-en eman dute albistearen berri, eta Juanjo Ginerrek, Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohiak, azaldu du iazko martxoan Muguruzak Black is Beltza filma proiektatu zuela herrian, baina ez zuela ekitaldirik egin ikastetxean. 

Doktrinamenduaren Kontrako Hezitzaileen Elkarteak jarri du salaketa. Talde kontserbadore eta ultrakatoliko bat da, eta harreman zuzena dauka Vox alderdiarekin. Sexuagatik bereizten dituzten eskola pribatuen alde dago, edo eskoletan genero ikuspegia txertatzearen kontra. Muguruzak ikasleei hitzaldi bat eman ziela salatu dute. Ondorioz, Joan Fuster institutuko zuzendaritza taldeko kideek martxoaren 26an deklaratu beharko dute guardiako epaitegian. 

Ginerrek kontatu duenez ez zen halakorik gertatu. Aurreko legegintzaldian udalak areto bat eskaini zuen Black is Beltza proiektatzeko, eta artista batek Muguruzaren irudiarekin espazio publikoan horma irudi bat egitea proposatu zuen. Joan Fuster institutuan egin zuten horma irudia, eta ezustean eraman zuten Muguruza bertara: "Ez zuen hitzaldirik eman; besterik gabe, hunkitu, eta esker onak eman zituen".