Feminista ekuatoriar immigrantea

  • Ez bide da, ez liteke matxismoa landareetan. Feminismoa da bide bakarra. Landareei eskainitako txoko batean hori esatea barregarria gertatzen da. Landareetan beste aukerarik ez baita. Emeak erabakitzen du ia-ia dena, baina, denen onerako, etxeko guztien onerako, kastaren onerako eta espezie osoaren onerako. Tokitan gaude gu. Lekutan dago gure espeziexka, lekutan dago gure kasta, lekutan dago gure etxea…

Ezkerrean, Carex comolaflor landarea eta eskuinean Selena Quintanilla-Perez abeslaria. Haren Como la Flor abestia gogora ekartzen du landareak. Landarearen argazkia: Raúl Lois / CC A NC-SA 4.0

2026ko otsailaren 2an - 05:00
Azken eguneraketa: 12:33
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Madrilgo Lorategi Botanikoko ikerlarien artean 80 landare aurkitu eta izendatu berri dituzte. Ez dakit landareen feminismoari eskainia den, baina izan liteke. Seguruenera, gure arteko borroka feministaren aldarriari eskainia izango da, ordea, Carex mikasae, lehen bereizi gabe zen eta orain ezagutu den landare bati jarri zaion izena, Mikasa Akerman anime pertsonaia gogora ekarrita.

Horrela sortzen dira landareen izen zientifikoak. Landarearen identifikazioa eta bere berezitasunak izen berri bat behar duela frogatu duenak izena proposatzen du. Aipatutako horretan feminismoa betirako txertatuta geratu da botanikan.

Ehundaka urte barru pertsonarik bada munduan eta landareen aberastasunari eusten bazaio, edo inoiz landareak bazirela gogoan badute, edo inongo dokumenturen batean Carex mikasae horren berri badute eta izenaren zergatiaren xerkan hasten badira, jakingo dute gure garaia den XXI. mendearen hasiera hartan jende guztiaren oinarrizko eskubide funtsezkoenak ezarri eta finkatzeko “feminismoa” esaten zitzaion borroka odoltsua gertatu zela, eraildakoak, martiriak, betirako traumatizatutako jendea eta borrokalariak izan zituen borroka, beste garai batzuetan esklabotzaren aurkako borrokak bezala, edo kolonizazio basatiaren aurkako borrokak bezala, edo arrazen berdintasunaren aldeko borrokak bezala, edo erlijio kriminalen aurkako borrokak bezala, edo munduko ondasunen banaketaren desorekak akuilatutako immigrazio zanpatzailearen aurkako borrokak bezala.

Immigrazioari ere eman diote betirako heldulekua botanikan, helduleku ezin poetikoagoa gainera: feminismoa gogoratuko duen landarearen genero bereko beste bati Carex comolaflor izena eman diote. Jaliscon aurkitu zuten eta comolaflor izena dotore datorkio, El Jazmin herrian topatu baitzuten. Baina esanahia askoz ere sakonagoa da: Amerikako Estatu Batuetaranzko immigrazio latino zanpatu eta birrinduari omen eginez, Selena Quintanilla-Perez abeslari ezagunaren Como la Flor abesti elaire entzuna gogora ekartzen du landareak, 1990eko hamarkadako artista latino gorentzat jotzen den eta 23 urte besterik ez zituela balaka hil zutenarena.

Ekuadorren garo bat aurkitu dute, eta Parablechnum shuariorum izena ezarri diote, bertoko shuar indigenen omenez. Garoa, iratzeaz gain, bada, baita ere, labana, aizkora edo mozteko erabiltzen den tresna zorrotzen baten heldulekua. Garoa badira, baita ere, ihintza edo eurixkaren ondoren hostoen gainean geratzen diren ur ttanttatxoak. Garo dagoela esaten da lurra bustia dagoenean. Garoa makila ere bada. Bada, izendatu berria den garoarena borobiltzeko, shuar kulturan buru-murriztaileak dira; garaitu eta menperatutako arerioaren buruak murrizteko ohitura dute, garoa duen tresnarekin, gero garoa bezala busti eta garo baten puntan jarrita mantzo-mantzo zartatu gabe lehortzeko, luze iraun dezan. 
Edozer iraunarazi eta gogora ekartzeko bide dira landareak eta euren izenak.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.