Faxismoaren eta arrazakeriaren kontrako Iruñea aldarrikatu dute urriaren 12an

  • Iruñeko Arrozak plataformak deituriko manifestazioak milaka lagun bildu ditu astelehenean. Urriaren 12aren aurrean, kolorez eta mezu antifaxistaz bete dituzte karrikak. "Iruñea erresistentzia antifaxistaren, arrazakeriaren aurkako borrokaren eta elkartasunaren" hiriburu bihurtzeko deia zabaldu dute.


2026ko urriaren 13a - 10:40
Azken eguneraketa: 12:18
Iruñeko Arrozak egitasmoak deituriko manifestazioa, astelehenean Iruñean. Ahotsa.info
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hainbat kolorez eta mezuz osatu da Iruñeko Arrozak egitasmoak deitu manifestazioa. Milaka pertsona hurbildu dira urriaren 12ko "ospakizuna" salatzeko eta egun hori erresistentzia ikur bihurtzeko. Izan ere, udaletxe aitzinean egin duten diskurtsoan erran duten bezala, hispanitatearen eguna ez da "borondate propioz sortu, baizik eta andoktrinamenduz, erlijio bat, kultura bat eta hizkuntza bat inposatuz jada bazituzten jatorrizko populu batzuei: Quechua, Guaraní, Aimara eta beste hainbeste, batzuk desagertuak". "Beste herrialdeetako aberastasunak esplotatu eta suntsitu" dituen inperio baten eguna ospatzen dela salatu dute, baita bertako populuak salbai eta primitibo bezala aurkezten zituztela ere. Urriaren 12a populu indigenen "errekonozimentu" eguna izan behar litzatekeela azpimarratu dute gainera. 

Ondotik, manifestazioa gaur egungo testuingurura lotu dute Iruñeko Arrozak taldeko kide diren Laidys Caravante eta Arantxa Castillok. Borrokarako deia luzatu diete jendarteari, helburua hau izanik: "Faxismoa garaitu, arrazismoarekin bukatu, eta bizitza duina lortu pertsona guzientzat, edozein jatorri eta baldintzetakoa izanik ere". Osasuna, etxebizitza, hezkuntza, lana eta pentsioen gaiak azpimarratu dituzte hizlariek, eta eskubide horien defentsan mezu argia pasarazi dute faxistei: "Ez zarete pasatuko!". Horren harira, etxebizitza problematikaren inguruan bultzaturiko azaroaren 11ko greba orokorra aipatu dute hizlariek, eta "lehen garaipenak" itxaroten zituela. 

Mobilizazioa bukatzeko, Txantreako Irubide parkera kalejira egin dute, eta bertan jatorri askotako errezetekin osatu den otorduaz gozatzeko aukera ukan dute. 


Iruñea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.