Gutxienez lau aldiz egin diote eraso faxistek Gasteizko Gaztetxeari azken hilabeteetan. Faxismoaren adierazpen txikiena ere borrokatzeko deia egin du Gaztetxeak, eta 'kutxipasa' antolatu du “Faxismoa suntsitu!” lelopean, ostiral honetarako 20:00etan.
Azkenengo hilabeteetan, hainbat eraso faxista jasan ditu Gasteizko Gaztetxeak. Abuztuan eman zuen lehenengo erasoaren berri. Izan ere, faxistek bi svastikekin markatu zuten Gaztetxeko atea. Gaztetxeko kideek azkar kendu zituzten ikur faxistak, eta margoketa salatu zuten: “gaztetxea erasotzea antolakuntza eta borrokarako espazioak erasotzea da, hain justu faxismoari ateak ixteko egunez egun lan egiten dutenak”.
Orain, eraso gehiago jasan dituela jakinarazi du Gaztetxeak. Azken hilabeteetan hainbat pintada faxista agertu dira Alde Zaharrean zein Gasteizko beste auzoetan, eta Gaztetxea lau aldiz markatu dute faxistek. Svastikak eta “Arriba España” bezalako mezu faxixtak eta espainolistak agertu dira azkenengo asteetan Gaztetxeko paretetan.



Gaztetxetik faxismoaren adierazpen txikiena ere borrokatu behar dela adierazi dute eta mezu argia zabaldu nahi izan dute: “Faxismoa gutxien duenarekiko gorroto ideologia da, agintarien interesei men egiten diena, eta ez du lekurik gure gaztetxe eta auzoetan”. Margoketa faxistak gaitzesteko eta faxistei mezu bat bidaltzeko 'kutxipasa' bat antolatu dute ostiral honetarako, arratsaldeko 20:00etan, Gaztetxetik abiatuta, “Faxismoa suntsitu!” lemapean.