Milaka gazte bildu dira lau egunez Elizondoko Gazte Topagune Sozialistan

  • Milaka gazte elkartu dira seigarrenez antolatu den Gazte Topagune Sozialistan, GKS eta IAS-k antolatuta. Igandean egin den manifestazioan 4.000 lagunetik gora elkartu dira "faxismoaren eta estatu-autoritarismoaren" kontra.

Igande arratsaldean egindako manifestazioa, Elizondon Gedar

2026ko urriaren 12a - 09:23
Azken eguneraketa: 2026-10-13 08:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Igandekoa izan da egun handia: manifestazioak eta ekitaldi politikoak izan dute protagonismoa. "Faxismoaren eta estatu-autoritarismoaren aurka" lelopean, milaka lagunek Elizondoko (Nafarroa) karrikak hartu dituzte. Ekitaldi politikoan, GKSko Aroa Arrizubietak eta IASeko Jon Arrondok hartu dute hitza, eta sozialismoaren aldeko borrokan "beste urrats" bat ematera doazela aldarrikatu dute. "Koordenatu sozialistetan borroka-komunitate bat eraikitzen ari" direla erran dute, militantziaren eguneroko konpromisoan eta diziplinan oinarritzen dena. Faxismoaren eta gorakada erreakzionarioari aurre egiteko premia ere azpimarratu dute, eta hori "nazioarteko Estatu sozialistaren bidez bakarrik" gauzatuko dela, haien hitzetan, Europa mailako Alderdi Komunista bat berreraikiz. 

Astelehen honetan amaitu da lau egunez hainbat hitzaldik, kontertuk eta ekitaldik osatu duten topagunea. Ostiralean hasi zen, eta goizean, "materialismo historikoa, militantzia politikoa eta ezkerkeria" edota "artea eta sozialismoa" hitzaldiak izan ziren entzungai. Horrez gain, pilota ikuskizuna edota hainbat kontzertuz gozatzeko aukera ere izan zen, hala nola Lukiek eta Tapia eta Leturia.

Larunbatean ere goizeko hitzaldiek arrakasta ukan zuten eta hauek izan ziren jorratutako gaiak: etxebizitza, sexu industria, ildo komunista eta taktika antifaxista, eta nazio auzia. Arratsaldean, kirolak eta jokoak izan ziren jarduera nagusiak, eta gauean Skabidean eta Bengo igo ziren eszenatokira, besteen artean.

Igandean ere gazte asko hurbildu ziren goizeko bi hitzaldien entzutera: krisia eta estatuen autoritarismoa eta gazte antolakunde sozialistaren mahai-ingurua. Arratsaldean berriz, manifestazioak eta ekitaldi politikoak izan zuten lekua, eta gauean kontzertuek beste behin, Raimundo el Canastero eta Belako tarteko.  

Astelehenean, Gazte Topagune Sozialistari amaiera emateko, eguerdian hitzartze politikoa eta ostean kantaldia Anje Duhale eta Olaia Inziarterekin, horiexek izan ziren zitak.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.