Ipar Euskal Herrian sortu eta jarduten duen eragilea da Plazara, eta, hain zuzen, euskarari plaza gehiago eskaintzeko egiten dute lan. 2025ean mugak gainditu eta Euskal Herri osora zabaldu zituzten ateak beraien proposamen berritzailearekin: familientzako egonaldiak. Joana Barbier Plazarako kideak azaldu digunez, arrakasta erabatekoa da: “Familia askok ulertu dute beraien etxetik kanpo ere posible dela euskaraz hitz egitea, eta euskaraz harremanak sortzea”.
Duela hiru urte sortu zen Plazara elkartea Ipar Euskal Herrian, laukote baten eskutik. Hizkuntzaren aldetik hainbat premia identifikatu zituzten, gehienbat, eremu formaletik kanpo euskaraz egiteko ezintasuna; eta, horregatik, erabaki zuten euskarak plaza gehiago behar zituela. Orduz geroztik, euskararen erabilpena bultzatzen, eta euskara presenteago, entzunago eta ikusiago izaten dihardute.
Hainbat eta hainbat dira aurrera daramatzaten ekimenak: itzulpengintza, formakuntzak, tailerrak, trukeak, nazioarteko kongresuak,... Hala ere, artikulu honetan ekimen bat azaldu nahi izan dugu: familia egonaldiak. Izan ere, berritzailea den formatu bat dute eskuartean iaztik. Formula, sinplea: familientzako astebeteko egonaldiak antolatzen dituzte, udaleku antzekoak. Goizean, gurasoek euskara klaseak dituzten bitartean, haurrak jolasten aritzen dira animatzaileekin. Eta eguerditik aurrera, oheratu arte, guraso eta haurrak euskarazko jardueren inguruan biltzen dira. Besteak beste, izan dituzte sukaldaritza tailerrak, museo-bisitak, herri kirolak, jolasak, ipuin kontaketak, mahai jolasak…
2025ean hasi zuten bide hori, hiru eragileren arteko hausnarketa kolektibo baten ostean. Bakoitzaren gaitasun eta lan esparruak kontuan hartuta batu ziren Plazara, AEK eta Uda Leku. Gurasoek euskara ikasten dute AEKren bitartez, eta aisialdia Uda Leku-ren eskutik dator. Hausnarketa kolektiboa, baina, zabaldu egin zuten eta Dindaia eta Ebete-rekin batera ere badabiltza lanean, eta modu horretan, Ipar Euskal Herrian hasi zuten ekimena Euskal Herri osora zabaldu da.
Maila guztietako egonaldiak
Asko dira beren egunerokotasuna euskaraz egin ezin duten familiak, beste arrazoien artean, etxeetako errealitateak anitzak direlako linguistikoki. Hori dela eta, aurten hiru egonaldi proposatu dituzte. Lehena, datorren astean hasiko dena, B1 eta B2 maila duten gurasoentzat izango da. Gotainen (Zuberoa) hasi eta Arantzan (Nafarroa) bukatuko dute astea. Bigarrena, apirilaren 13tik 18ra Arbonan (Lapurdi) eta Bakaikun (Nafarroa) izango da, A2 maila duten gurasoko familiei eskainia. Eta, aurtengo berritasuna, hirugarren egonaldia da. Uztailaren 20tik 25era Larzabal eta Donostian ibiliko dira, eta egonaldi hori familia euskaldunei zuzendua dago. Bertan, helburua ez da izango euskara ikastea, erabilera hauspotzea baizik. Goizetan, beraz, gurasoek euskara saioen ordez hausnarketa momentuak izanen dituzte, hizkuntza ohituren ingurukoak kasu.
Dagoeneko Euskal Herri osoko familiek ematen dute izena, leku eta bizimodu desberdinetakoak. Aitortu digutenez, hasieran bazituzten zalantzak, azken finean, familiak ez zirelako elkar ezagutzen, eta aste oso batez elkarrekin bizitzea proposatzen zietelako. Baina lehen unetik gainditu zituzten zalantza horiek, eta balorazio “bikaina” egin zuten.
Azaldu digutenez, familiek asko eskertu zuten halako espazio bat euskaraz arnasteko: “Beraientzat beharrezkoa da horrelako aste bat pasatzea, ulertu zuten beraien etxetik kanpo ere posible dela euskaraz hitz egitea, eta euskaraz harremanak sortzea”. Izan ere, egonaldien helburua hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, kolektiboaren eta bizkidetzaren baloreak indartzea da.
Aurrera begira, gustatuko litzaieke beste aste bat antolatzea, urrian adibidez. Baina momentuz hausnartzen dabiltza, helburu, ideia, eta proiektu berriak garatzen… eta, agian, beste publiko batengana zuzentzen saiatuko dira.