argia.eus
INPRIMATU
Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik
  • Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 21a
Haritu Elkarlaguntza Sareak eta Jaki Tokik egindako agerraldia salatzeko familia bat kaleratuko dutela / Argazkia: Haritu

Bi urteko etxegabetze prozesuaren ostean, Haritu Elkarlaguntza Sareak eta Jaki Tokik salatu dute familia bat kaleratuko dutela, ostegunean, otsailaren 22an, Iruñeko Txantrea auzoan: “Hamaika urte eman ondoren, Iruñeko familia langile bat kanporatuko dute inolako etxebizitza alternatibarik gabe”.

Gaineratu dute bi urte hauetan bilatu dituzten etxeetako jabeek ez dietela etxerik alokatu nahi izan etxegabetuko duten familiari: “Ez diete etxebizitzarik alokatu nahi familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoa izateagatik”.

1500 euroko soldata bakarrarekin egiten du aurrera familiak. Halere, Iruñeko Udaleko Etxebizitza Bulegoak sei senideentzako hotel logela bakarra eskaini die: “Denboraldi zehaztu gaberako da, sukalderik gabe eta eskolatzea normaltasunez jarraitzeko aukerarik gabe”. 

Horrekin batera salatu dute azken hamarkadan soldatak baino bost aldiz gehiago garestitu dela etxebizitza alokairua. Horren ondorioz, bazterketa egoera "latzean” daude familia langile asko. Horrekin batera, etxebizitza “duin” bat eskuratzea "ezinezkoa" dela salatu dute: “Etxebizitzetan eta logeletan pilatuta amaitzen dute askok, logelak azpierrentanhartuz edota janari beroa prestatzeko aukera gabeko ostatuetan”. 

Ez da kasu isolatu bat

Txantrean bizi den familia ez da etxegabetzeko bidean dagoen bakarra. Haritu eta Jaki Toki kolektiboetako kideen arabera azken hilabeteetan  gora egin dute etxegabetze egoerari aurre egiten dietonen familien kasuek. Esate baterako, apirilean lau seme-alaba dituen beste familia bat kanporatuko dute Iruñeko Arrosadia auzoan. 

Horregatik, nabarmendu dute jabetza pribatuaren “zentraltasunak” eta etxebizitzaren bermatze kolektiboaren faltak “berdintasun eza” eragiten dutela: “Etxebizitzak ezin dira errentagarritasun logikaren araberakoak izan”. 

Azkenik, etxebizitzak eskuratzeko moduen “birmoldaketa integrala”, etxegabetze egoeran dagoen familiarentzako etxebizitza alternatiba “duina” eta etxegabetze guztiak geldiaraztea eskatu dute.