Familia bat etxegabetu dute udal etxebizitza batetik Bilboko Otxarkoaga auzoan

  • Etxegabetzea saihesteko negoziazioak egonda ere, familia kalera bota izana salatu du Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak astelehen honetan. Sestaon (Bizkaia), berriz, Berri Otxoa plataformak elkarretaratzea egin du udaletxearen aitzinean, duela aste batzuk etxetik bota zituzten emakume bati eta 5 urteko umeari “irtenbide duin bat” emateko eskatzeko. 


2026ko uztailaren 7an - 12:49
Familia baten etxegabetzearen aurrean elkarretaratzea Otxarkoagan, astelehen honetan. Alerta Gorria irratia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Familia bat etxegabetu dute astelehen honetan Bilboko Otxarkoaga auzoko etxebizitza batetik; Bilboko Udalaren eskumenekoa da etxebizitza. PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak kaleratzea salatu du, izan ere, udalarekin elkarrizketak eta negoziazioak abian zituzten etxegabetzea saihesteko akordio bat lortu nahian.

Familia zaurgarria dela adierazi du plataformak: aitak %70etik gorako desgaitasuna du, gurpil aulkian ibiltzen da, eta, orain arte, bosgarren solairuan bizi ziren, igogailurik gabe. Alokairua ez ordaintzeagatik abiatu zuten prozesu judiziala. Hala ere, plataformaren arabera, familiak bilerak egin zituen udal etxebizitzen arduradunekin, eta ordaintzeko proposamen bat erregistratu zuen formalki.

Kolektiboak salatu duenez, udalak ukatu egin zuen epaitegian inolako negoziaziorik zegoenik, eta horrek etxegabetzea etetea galarazi du. Aldiz, plataformak ziurtatu du harreman horiek eta udal bulegoekin izandako elkarrizketak egiaztatzen dituzten agiriak dituela.

Etxegabetzea  09:15ean zen egitekoa, eta goizeko lehen ordutik dozenaka pertsona elkartu ziren eraikinaren aitzinean, etxegabetzea eragozten saiatzeko.  Plataformak deitutako mobilizazioak auzokideen eta gizarte mugimenduen babesa jaso zuen; protesta istilurik gabe garatu zen, nahiz eta polizia ugari bertaratu ziren. PAHren ustez, Poliziaren dispositiboa “neurrigabea” izan da istilurik gabe egin den kontzentrazio batentzat.

PAHren arabera, etxegabetzearen ostean familia ostatu alternatiborik gabe geratu da. Haien erranetan, Gizarte Zerbitzuetara jo du familiak, baina “ostatu zerrenda bat” baino ez dute  jaso, “berehalako bizitzeko irtenbiderik gabe”. Plataformak gogorarazi du etxebizitza publikoak direla, eta Bilboko Udalak lehentasuna eman beharko liekeela desgaitasuna, ordaintzeko borondatea eta bizitegi-bazterketaren arriskua duten familiei.

Bertze etxegabetze bat Sestaon

Otxarkoagakoa ez da azken aldian Bizkaian egin den etxegabetze bakarra. Duela aste batzuk lan prekarioa duen emakume bat eta 5 urteko semea etxetik bota zituzten Sestaon. Astelehen honetan elkarretaratzea antolatu du Berri Otxoa plataformak Sestaoko Udalaren aitzinean, familiari “irtenbide duin bat” emateko eskatzeko.

"Kaltetutako emakumeak kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoera egiaztatu zuen, eta ez zuen Sestaoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik ordezko bizitokia jasotzeko eskaintzarik jaso etxegabetzea gauzatu baino lehen”, salatu du plataformak.

Epe luzerako irtenbide baten ordez, administraziotik hilabete batez hotel batean bizitzea baino ez zioten eskaini emakume horri, plataformak jakinarazi duenez. Ortzegun honetan, uztailak 9, amaitzen zaio aldi baterako baliabide horretan egoteko epea. Ondoren, bertatik aterako dute eta kalean amaituko du.  

Hala, “familia hau etxerik gabe uzten duen edozein jarduera” gelditzea exijitu du plataformak, baita “eskura dauden larrialdi sozialeko baliabide eta etxebizitza guztiak berehala aktibatzea” ere.

 

 


Etxegabetzeak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...