argia.eus
INPRIMATU
Ezustekorik ez: apirilaren 21ean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
  • Datorren asteartean argitaratuko du ganbera desegiteko dekretua. Apirilaren 5ean hasiko da kanpaina, era ofizialean.

Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2024ko otsailaren 22a

Ostegun goizean heldu da notizia: Gobernu Kontseilua deitu du arratsalderako Urkullu lehendakariak. Joan den asteartean egitekoak ziren asteroko batzarra, baina Urkulluren ama osasunez larri zegoen –zendu da–, eta bertan behera utzi zuen agenda politikoa.

Ostegun arratsean egin dute, eta ordutegiz ez ezik, azalpenak emateko modua ere berezia izan da. Urkullu bera irten da prentsaren aurrera, eta non, eta agerraldi jendetsuak egin ohi diren Gasteizko Lehendakaritzako aretoan, ez prentsa-aretoan. Kazetari andanaz jain, hamaika eserleku ere baziren lehen lerroetan. Urkulluk parean izan ditu bere azken legegintzaldi honetan sailburu dituen guztiak.

Urkulluren hitzartzea

Urkulluk nabarmendu duenez, hiru irizpide hartu ditu ardatz hauteskundeak deitzeko: gobernu akordioa betetzea, ondorengo lehendakariari legatua ahalik eta erarik onenean uztea, eta euskal gizartearen interes orokorra lehenestea.

"Dena ematen saiatu naiz" eta "nire onena ematen saiatu naiz" esan du, bi alditan, Urkullu lehendakariak. Euskadiren interesak "beste guztiaren gainetik" jarri dituela azpimarratu du, eta "akordioaren bidea" jarraitzen ahalegindu. Gaizki egindakoengatik barkamena ere eskatu du.

Aitortzak eta esker onak ere egin ditu. Lehenik gizarteari –"krisiak bata bestearen atzean, ondorio zuzen eta oso larriekin; gizartearen ahalegina txapela kentzekoa izan da"–. Esker ona luzatu die Eusko Legebiltzarreko langile guztiei eta gobernuan kide izan dituen guztientzat ere bai; azken horien izen-abizenak aipatu ditu.

"Aurrera egin dugu", adierazi du, eta bere hamabi urteko legealdian langabezia jaitsi eta landunen kopurua igo dela nabarmendu. Besteak beste, "Euskadiren izen ona lau haizeetara zabaldu" dela adierazi du, eta Basque Country marka eta Makroeskualde Atlantikoa ere aipatu ditu. Horrez gain, Zaldibarko zabortegiaren hondamendian hildako Alberto eta Joaquinen izenak ere gogoan izan ditu, zer esanik ez pandemia garaian hildakoak eta, bereziki, fokua indarkeria matxistaren biktimetan ipini du. ETAren biktimak gogoan izan ditu Urkullu lehendakariak. "Inoiz ez zen gertatu behar izan" esan, eta "inoiz gerta ez dadila" adierazi du.

Sorpresarik gabe

Urtarrilaren 17an jarri zen lehenbizikoz mahai gainean, modu publikoan behintzat, apirilaren 21eko data. EH Bilduko Pello Otxandianok Euskadi Irratian egin zituen adierazpenok: “Data zehatza ez dakigu, baina apirila izango dela ematen du, eta segur aski, apirilaren 21a”. Ordutik, oposizioko lehen indarraren partetik, “misterioa” argitzeko presioa jasan du Urkulluk.

Duela lau urte apirilean egitekoak ziren hauteskundeak, baina uztailera atzeratu ziren, salbuespenez, pandemiaren eraginez. Beraz, uztailera arte ere luza zezakeen agintaldia Urkulluk, baina horrelakorik ez egitea erabaki du.

Agendak, dena den, ez zizkion aukerak erraz ipintzen Urkulluri. Lehenik eta behin, baztertzeko moduko hilabetea zen uztaila; salbuespena izan behar luke hauteskundeak uda betean egitea. Eta ekainean ere ez, ez bazen deialdi bikoitza egin eta Europako hauteskundeekin batera antolatuta. Maiatzean, berriz, estuegi koadratuko lukete Europako kanpainarekin, eta koadratuta ere, gehiegizkoa zatekeen. Eta, beraz, apirila. Baina apirilak mugak ditu, jaiegunek eragindakoak: apirileko lehen igandea Pazko Astea da, eta azken igandea San Prudentzio jaieguna Araban. Hauteskundeak apirilaren 14an izateko, berriz, kanpaina Aste Santuaren erdi-erdian zatekeen. Apirilaren 21ean izanda, izango den bezala, apirilaren 5ean hasiko da.

EAJren prestakuntzak, hilabetez

Justu hilabete bateko aurre-kanpaina egin du EAJk. Imanol Pradalesen hautagaitza urtarrilaren 27an aurkeztu zuen Durangon, eta hilabete beranduago, otsailaren 27an argitaratuko du Urkulluk legebiltzarra desegiteko dekretua, EAEko Aldizkari Ofizialean.

Azken une honetara arte, Pradalesek Bizkaiko Diputazioko karguan jarraitu du, Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako diputatu izaten. Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak aste honetan iragarri moduan, Pradalesek Urkulluren erabakia entzun arte ez ditu ardurak utzi.

Legebiltzarreko jarduna amaituko da

Ez da bihartik aurrera gertatuko, otsailaren 27tik aurrera baizik. Une horretatik aurrera, Eusko Legebiltzarra deseginda geratuko da eta aurreikusita zeuden programa eta ekintza guztiak ez dira egingo.

Besteak beste, Segurtasun sailburu Josu Erkorekari eskatua diote legebiltzarrean azalpenak emateko Tolosan jazotakoaren inguruan, bai idatziz eta bai ahoz. Bere ekimenez egiten ez badu, litekeena da ezerezean geratzea.