De la Espriella ultraeskuindarra eta Cepeda ezkerrekoa pasa dira bigarren itzulira Kolonbiako hauteskundeetan

  • De la Espriella hautagai ultraeskuindarrak botoen %43,72 lortu du, maiatzaren 31ko hauteskundeetan, Kolonbian. Lehen itzulian irabaztea espero zen Cepedaren ezkerreko alderdia bigarren tokian gelditu da, botoen %40,92rekin. Ekainaren 21ean bi hautagai horiek lehiatuko dira bigarren itzulian. Cepedaren sokakoa den Petro Kolonbiako presidenteak zalantzan jarri ditu maiatzaren 31ko emaitzak eta ez ditu ontzat eman.


2026ko ekainaren 1ean - 11:46
Lehen boto kontaketaren arabera, Abelardo De la Espriella ultraeskuindarrak irabazi du Kolonbiako hauteskundeen lehen itzulian. Cepedak zalantzan jarri du boto kontaketa. EFE / Ernesto Guzmán jr
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Parte-hartzea %57koa izan da, inoiz lehen itzulian izan den ehunekorik handiena. Inkestek ez zuten halakorik iragarri, baina Kolonbiako hauteskundeen lehen itzulian Abelardo De la Espriella eskuin muturreko hautagaia (Aberriaren Defendatzaileak) gailendu da. 656.033 botoren aldea atera dio gaur egun agintean dagoen Gustavo Petro presidentearen alderdiari, Itun Historikoari. Hirugarren gelditu da Álvaro Uribe presidente ohiaren alderdia. Inkesten arabera, botoen %14-22 eskuratu zezakeen uribismoak, baina %6,92an gelditu da.

Ekainaren 21ean egingo den bigarren itzulira begira, hainbat adituk argi dauka ultraeskuinak irabaziko duela, kontuan hartuta uribismoaren hautagaiak, Paloma Valenciak (Zentro Demokratikoa), emaitzak jakin ondoren iragarri duela eskuin muturreko alderdiaren alde egingo duela. Valenciari botoa eman dioten gehienak ere, eskuinekoak dira. Álvaro Uribe presidente ohiak ere, De la Espriella babestuko duela adierazi du. Beste hainbat adituren ustez, ordea, hiru edo hiru milioi eta erdi hauteslek balantzari alde batera edo bestera eragin diezaiekete. 

Bigarren ezustekoa Gustavo Petro presidenteak eman du, sare sozialetan esanda hauteskundeen emaitzak ez dituela onartzen. Presidentetzarako hautagai den Iván Cepedak, Petroren alderdi berekoak, adierazi du "egiaztatu nahi dugun desfase bat" dagoela. Nazioarteko behatzaileak egon dira boto kontaketan. Emaitza ofizialak egun batzuk barru jakingo dira.

Latinoamerikan, eskuin muturreko hainbat agintarik zoriondu dute De la Espriella hautagaia, hala nola, Argentinako presidente Javier Mileik, Ekuadorko Daniel Noboak eta Txileko José Antonio Kastek.


Irakurri gehiago: Kolonbia Nazioartea Amerika
Kolonbia kanalean gehiago
2026ko urtarrilaren 14
AEB-en erasoa Venezuelaren aurka
Trumpen bakeak guda esan nahi du

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.