Elkarretaratzea deitu dute larunbatean Donostian La Salleko ikasle ohiek Patxi Ezkiaga auzia dela eta. Ikastetxeko irakasle eta zuzendaria izandakoak egindako sexu abusuen aurrean biktimei babesa erakutsi eta ikastetxearen jarrera salatuko dira.
La Salle ikastetxeko zenbait ikasle ohik bilkura irekia deitu dute Donostian, Patxi Ezkiagak egin zituen sexu abusuen aurrean, biktimei “pitzadurarik gabeko elkartasuna” adierazteko eta eskolak izan duen jarrera salatzeko. Larunbatean 12:00tan dira batzekoak Loiola auzoan (Donostia), Gu biktimekin, eta La Salle? lelopean, Berria-k jaso duenez.
Lau elkarte batu dira kontzentraziora: AVA Nafarroako Abusuen Biktimen Elkartea, Lulacris haurren sexu abusuen kontrako elkartea, ANIR Espainiako Haurtzaro Lapurtua Elkartea eta Espainiako Justice Initiative. Behin elkarretaratzea amaituta, ikasle ohi batek eta Anir elkarteko Ciro Molina bozeramaileak hitz batzuk esango dituzte.
2024ko maiatzaren amaieran ezagutarazi ziren Marisol Zamorak jasan zituen sexu abusuak eta, geroztik, 26 testigantza jaso ziren, 8 eta 17 urteko adinetan sexu abusuak jasan zituztenenak. Abusuak 1980tik aurrera gertatu ziren, ikastetxea mistoa izatera igaro zenean. Biktimek eskolaren aldetik jasotako erantzuna ikusita, Arartekoarengana jo zuten aitortza publikoa lortzeko prozesuari ekin eta erakundeen babesa eskuratzeko.
Hala ere, biktimek abusuen ondorioz auzitara jo ezin dutenean edo abusatzailea hilda dagoenean abiatzen den PRIVA planari helduko ziola jakinarazi zuen ikastetxeak. Modu horretan, biktimei ekonomikoki kalte ordainak emateko erabakia hartu zuen.
Biktimen eta La Salleko kongregazioaren arteko bitartekaritza egin ondoren, Arartekoak “erreparazio kolektiboaren, moralaren eta sozialaren” beharra azpimarratu zituen. Sexu abusuen larritasuna zela medio, konpentsazio indibidual eta keinu sinbolikoetatik haratago joan behar zela ohartarazi zuen. Horregatik, La Salleri beraien historia eta jokabideak kritikoki erreparatzeko eta erantzukizun instituzional eta kolektiboa hartzeko eskatu zion.
Grandmontagne irakaslearen abusuak
2020ean hil zen Sebastian Grandmontagne Santamaria irakasle ohiak ere sexu abusuak egin zituen, El Pais-ek jakinarazi zuenez. Lau salaketa jaso zituen: Beasaineko (Gipuzkoa) La Salle eskolan 1971n egindakoa, Irungo (Gipuzkoa) fraidegarenaken egindako bi, bata 1973an eta besteari 1973tik 1976ra; eta Donostiako La Sallen 1996an egindakoa.