Botoen laurdenak jasota, Die Linke ezkerreko alderdiak lehen aldiz irabazi ditu hiriburuko hauteskundeak; Mecklenburg-Aurrepomeranian, berriz, AfD eskuin muturreko alderdiak botoen %37 lortu ditu. Herrialdeko gobernu koalizioko bi alderdiek, CDUk eta SPDk, behera egin dute nabarmen.
1990ean Alemaniako Errepublika Demokratikoa desegin eta Alemania bateratu zenetik, lehen aldia da Berlingo bozak ez dituela CDU Batasun Kristau-Demokratak edo SPD Alderdi Sozialdemokratak irabazten: botoen %18,8 eta %12,1 jaso dituzte, hurrenez hurren, sozialdemokratek inoiz izan dituzten emaitzarik txarrenak. Hortaz, hiriburuak lehen aldiz Die Linke ezkerreko alderdiko alkate bat izan dezake.
Die Linkeren alkategai Elif Eralpek hauteskundeen kanpainan zehar erdigunean jarri du Berlingo herritarrei gehien kezkatzen dien auzia: etxebizitza. Hain zuzen, errefuxiatu turkiarren alaba denak agindu du alokairuen prezioa mugatuko duela: alderdiak berak kaleratutako datuen arabera, hiriburuan bizi diren 500.000 familia baino gehiagok gutxienez haien diru sarreren %30 bideratzen dituzte etxebizitzaren alokairua ordaintzera; gutxienez %40, berriz, 250.000 baino gehiagok.
"Gaurtik aurrera gure Berlin aldatuko dugu eta bizileku hobe bat bihurtu", hitzeman du Eralpek hauteskundeen emaitzak jakin ostean. Alkatetzara heltzeko, ordea, Berdeen –botoen %14,4 jaso dituzte– eta SPDren babesa beharko luke Die Linkeko hautagaiak.
"Hondamena" Mecklenburgen
Duela bi aste eginiko Saxonia-Anhalt eskualdeko bozen gisara, AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdia aise nagusitu da Mecklenburg-Aurrepomeraniakoetan ere: gainera, CDU estatu horretako parlamentutik kanpo geratu da, ordezkaritza izateko beharrezkoa den botoen %5era iritsi gabe.
Friedrich Merz kantzilerraren alderdia lehen aldiz geratu da ordezkaritzarik gabe Alemaniako estatu bateko parlamentu batean. Berlinen emandako prentsaurrekoan Merzek jakinarazi du ez duela kantzilerraren kargua utziko, hainbat alderdik hala eskatu ostean. Halere, aitortu du Mecklenburg-Aurrepomeraniako bozetan lortutako emaitzak "hondamena" izan direla eurentzat: "Herritarrek instituzioen gaineko konfiantza galtzearen errudunak eskuineko zein ezkerreko muturreko alderdiak dira".
Demokristauek eskuratutako emaitza txarrei sozialdemokratek lortutakoak gehituz gero, agerian geratu da Alemaniako Gobernua osatzen duen koalizioa kolokan dagoela. Ondorioz, Alemaniako kantzilerra ez da joan New Yorken astelehen honetan hastekoa den NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkurara.