Gehiengo osoa lortu du zentro-eskuineko zerrendak, Jean-René Etchegarayren hautagaitzak: botoen %51 inguru. Atzetik gelditu da Jean Claude Iriart abertzalearen zerrenda, Henri Etcheto sozialistenarekin elkartuta. Harro mintzatu da Etchegaray: “Baionarrek egonkortasunaren alde egin dute”.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Ilusioa zapuztu da Lapurdiko hiriburuan. Historikoa zatekeen abertzale bat auzapez izatea Baionan, baita ezkerrarentzat ere, azkenekoz 1946an izan baitzen garaile. Baina egungo auzapezak eta Jean-René Etchegarayren zentro-eskuineko zerrendak irabazi ditu bozak. Gehiengo osoa lortu du, gainera: emandako boz guztien %51. Jean-Claude Iriarten eta Henri Etchetoren zerrenda bateratuak botoen %41 eskuratu ditu.
Iriart abertzaleak bigarren egin zuen lehen itzulian, bozen %21,99 bilduta, eta diferentzia oso murritzarekin hirugarren egin zuen Etcheto sozialista jakobinoak (%21,37). Bi horiek elkartu egin dira Elkarrekin Baionarentzat izenpean, Etchegaray garaitu asmoz. Etchegarayk botoen %42 izan zituen iragan igandean, eta hortaz, bigarren itzuli honetan ikusminak horretan ipiniak ziren. Besteak beste, eskuin muturra ere igaro baita bigarren itzulira; ultraeskuinak botoen ia %11 eskuratu zituen lehen itzulian, eta %8 pasatxo jaso ditu oraingoan.
Abstentzioa paretsu egon da bi deialdietan: lehen igandean, botoa ematera deituta zeuden 36.000 herritarretatik 17.000k ez zuten eman botoa, eta orain, 16.500 inguruk.
"Biziki kontent" agertu da Etchegaray euskal komunikabideek elkarlanean egindako elkarrizketan. Bere ausardia goraipatu du: "Eskuin muturraren kontra defendatu naiz, eta ezker errepublikanoen eta abertzaleen kontra ere bai". Lehen itzulitik bigarrenera gertaturiko aldaketaz galdetuta, Etchegarayk esan du ez dagokiola berari epaitzea Iriarten eta Etchetoren zerrenda bateratuaren emaitza, baina auzapezaren aburuz bistan da ez dutela "nahi zuten emaitza lortu". Argi esan du: "Hautesle baionarrek nahiago izan dute egonkortasuna atxiki; hor aurkezten ziren beste bi zerrendek ez zuten konparatzekorik".