argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Ezker olatuan, surflari bakarra
Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2024ko apirilaren 22a

Surflari bakarra du Mendebalderantz doan olatuak. Alboko kide guztiak jan ditu EH Bilduk. Meteorologoek aurreikusi gisa hondamendia heldu da Podemosen kostaldera, eta Pilar Garridoren aurpegia ikusi besterik ez zegoen hori horrela izan dela berresteko. Sekuentzia tragikoa bizitu duenaren tristura. Sumarrekin aurkeztu zen Espainiako hauteskundeetara, Sumar “etorkizuna” zela esanda, baina ez zuen diputatu akta lortu eta atzera ere kamiseta morea jantzi du Gasteizko ganberarako, Sumar Euskadin ez omen dago-eta “artikulatuta”. Jokaldia ez zaio ongi atera, bistan da. Eta ez da Sumar izugarri “artikulatuta” dagoelako EAEn, baina eserleku bat lortu du sikiera, satorraren gisan. Inork gutxi espero zuen lekuan atera du burua. Gizaker inkesta-etxekoak galdu samar egon dira: otsaileko inkestan, eserlekua ematekotan, Gipuzkoan ematen zioten; eta apirilean, berriz, Bizkaian. Araban atera du.

Anduezak Otxandiano babestuko balu, Espainiako gobernagarritasuna kinka larrian ipiniko litzateke

Ezkerrerantz doa olatua, Ekialdetik Mendebaldera, gero eta udalerri gehiagotan nagusitu da EH Bildu koalizioa, baina olatua bideratzeko bidelagunak falta zaizkio. Ez dauka bazkiderik ezkerreko espektro zabalean. Baten batek Alderdi Sozialistaren siglak daramatzan alderdia aipatuko luke, gutxienez siglei erreparatuta, eta arrazoi. Izan ere, PSE-EEri kitzika beharko liokete EH Bilduren zenbait proposamen politiko-ekonomikoek, sozialdemokraziaren printzipioetan dantzan dabiltzalako horietako hainbat, eta fundamenturik duen boto-emaile sozialistaren batek pentsatuko zuen horixe bera. Baina Anduezak eta enparauek ez dute horretarako biderik utzi. Ez dute utzi, Madrilen nahi izan ez dutelako. Espainiako politikagintzak eta horren bueltako sektore mediatikoak ez lukete ametituko PSE-EEk EH Bildu babesterik. Anduezak Otxandiano babestuko balu, Espainiako gobernagarritasuna kinka larrian ipiniko litzateke, besteak beste EAJk Madrilen hartuko lukeen jarreragatik, kasketa harrapatuta, Juntsek urte luzez izan duenaren tankerakoarekin –Amnistia Legea heldu den arte–.

Gauza gutxi geratu dira argitzeko. Anduezak zein sail eskatuko dion Pradalesi, bereziki.

Halakorik ez da tokatzen Madrilen, eta PSE-EEk ez du norabidea aldatuko Espainiako hiriburuan horrelakorik erabaki arte. EAEko boto-emaile sozialistak ea noiz ohartzen diren siglen batailak hain itsuan funtzionatzen duela eta erabakien sorlekuari bost axola zaiola EAEko egunerokoa; pieza bat gehiago da Sánchezen tableroan. Gauzak diren bezala: EAJ oso eroso dago PSE-EErekin, nahi duen bezala gobernatzen uzten dio, trukean sail batzuk emanda, eta bistan da PSE-EEk duela EH Bilduk gobernatzeko giltza. Eta hori ez da gertatuko gauzak aldatu arte. La Vanguardia-ko zuzendariak igandean zioen EH Bilduk 2028an gobernatuko duela.

Etxeko sofan balego bezala hitz egin duen Anduezak kanpaina bizia egin du, zenturioi bat sentitu da, eta funtsean, bere alderdiaren zentralitarentzat lan ona egin du, blindatu baita beste lau urtez EAJren eta PSE-EEren gobernua eta, aitortu behar zaio, 27.000 boto irabazi ditu. Pilota Kataluniara pasatzeko modu aproposa.

Gauza gutxi geratu dira argitzeko. Anduezak zer eskatuko dion Pradalesi, bereziki. Sail bat nahiko du berarentzat, beste bat Denis Itxasorentzat, eta orain arte izan dituen hiru sailez gain, laugarrenaren bila joango da. Ziurrenik, Sánchezek aginduta, lasai joango da; gauzak Madrilen ondo joateko.