Ezkabako presondegia memoria demokratikorako leku izendatu dute ofizialki

  • Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak astearte honetan egin du ofizial izendapena, eta "errepresio frankistaren toki beldurgarrienetako bat" izan zela aitortu du. 1938ko maiatzaren 22an 795 presok ihes egin zuten Iruñea ondoan dagoen gotorlekutik, eta horietatik 200 inguru hil zituzten; hiruk soilik lortu zuten Pirinioetako muga zeharkatzea.


2026ko apirilaren 21ean - 10:19
Azken eguneraketa: 11:58
Ezkabako presoak, egoera tamalgarritan izan zituzten pilatuta.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ezkabako San Kristobal gotorlekuko presondegia memoria demokratikorako leku da astearte honetatik aurrera, duela ia urtebete hasitako prozedurari amaiera emanda. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da Memoria Demokratikoko Ministerioaren erresoluzioa, 2026ko martxoaren 18an sinatua, eta bertan esaten da 1936ko Gerran gotorleku hura "errepresio frankistaren toki beldurgarrienetako bat" bilakatu zela.

Presondegia 350 lagunentzako zegoen prestatuta, baina 3.000 preso inguru izan zituzten pilatuta baldintza oso tamalgarritan. "Pilaketa, gosea, hotza, gaixotasunak, etengabeko hezetasuna eta tratu krudel eta umiliagarriak presoen egunerokoa ziren", dio erresoluzioak. Gainera, zigorrak, torturak eta isolamendu garai luzeak jasan zituzten bertan izandakoek. 

Egoera horrek guztiak, hilkortasun tasa izugarria eragin zuen. 1937tik 1945era gutxienez 305 preso hil zirela uste da, nahiz eta heriotza horien arrazoiak garbi ez jakin, asko gosearen – ofizialki "anorexiagatik"– eta gaixotasunen ondorioz hil ziren. Horiez gain, beste asko fusilatu egin zituzten, saca edo ziegetako ateratze ilegaletan.

San Kristobal ondoan, Ezkabako mendiaren magalean, "Botilen hilerria" izenekoa dago, hura ere Nafarroako Gobernuak "memoria gune" izendatua. Bertan turberkulosiak jotako 131 gorpu ehortzi zituzten botila banarekin –hildakoarekin filiazio ea datuekin–, eta 2010eko indusketetan Aranzadik haietako 45 berreskuratu zituen.

Ezkabako San Kristobal gotorlekua presondegi izateko birmoldatu zuten, baina ez zituen horretarako baldintzak betetzen, hezetasuna eta egoera kaskarrak medio.

1938ko maiatzaren 22an Europako ihesaldirik handienetako baten eszenatoki bihurtu zen Ezkaba. 795 presok ihes egin zuten guardiak desarmatu eta gotorlekua kontrolatu ondoren. Hala ere, soilik hiruk lortu zuten, muga zeharkatzea, eta 200 inguru hil zituzten frankistek.

"Gotorlekua frankismoaren egiturazko biolentziaren lekuko materiala da", dio Espainiako Gobernuak sinaturiko erresoluzioak: "Milaka pertsona espetxeratu zituzten bere instalazioetan, horietako asko epaiketarik gabe eta egoera inhumanoetan, eta horrek errepresio politikoaren sinbolo indartsu bilakatzen du".

Ekitaldia gotorlekuan

Izendapenaren harira, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollo eta Espainiako Memoria Demokratikoko Estatu idazkari Fernando Martínez, Ezkaban bertan egingo den ekitaldi batean izango dira astearte honetan.


Frankismoa kanalean gehiago
2026ko otsailaren 19
Itzaletik Argira
Itzulera (1979)

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.