Ezjakintasuna eta koldarkeria nagusi


2026ko otsailaren 20an - 10:37
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2024an National Geographic bidaien aldizkari ezagunean aipatuak dira bi herri izen beste batzuekin batera: Sort eta Pont de Suert. Biak Lleidako Pallars Sobirà eta Ribagortza eskualdeetan daude. Katalan gehienak lehenengoaren kasuan zoriaren –katalanez hala delako– esangurarekin lotzen du, baita bigarren kasuan ere, antzekotasunagatik. “Usteak erdia ustel”. Dokumentu zahar batek (955. urtekoa) Suerten lehenengo aipua erakusten du: Suverte, hau da, Zubiarte, tautoponimo bat, erredundantzia bat: Vall d’Aran bezalakoa. XIII. menderako hango biztanleek aurreko izaera (euskara) ahaztu, eta kontzientzia erabat galduta berrizendatu zuten aurretiazko Pontez.

Gaurko Euskal Herrian herri izenekin eta abizenekin antzeko bizipena daukagu espainierazko grafia eta desitxuraketa aurreko mendeetatik jaso eta aspertu arte erabilitakoa. Adibidez, euskara EAEko eta Nafarroako hainbat eskualdetan ofiziala izan arren (Ipar Euskal Herrian ez), Echavacoiz, La Roseta, Chavarri edo Echevarri, Aja/Acha, Guruceta –futbol jokalari ezagun batena– eta horren modukoak ikusi daitezke. Izatez, Etxabakoitz, Aluzeta, Atxa (haitza), Etxebarri/berri, Gurutzeta izan beharko ziren. Azkenengo horiek erabat konprenigarriak dira euskararen aldetik.

Katalunian 1998ko hizkuntz politikaren legeak (1/1998) eta erregistro zibilak euren herritarrei abizenak katalanez jartzeko aukera ematen diete: katalanezko grafiara moldatzea, espainieratik katalanera itzultzea, eta baita beste hizkuntza batetik fonetika katalanera ekartzea ere. Adibidez: Lopezetik Llopisera, Rubiotik Rosera, Boulangerretik (frantsesetik) Formerrera, Haddadetik (arabieratik) Ferrerera eta abar. Hego Katalunian, Valentzia autonomia erkidegoan, ez dute hori baimentzen, hizkuntza bera izanda ere.

Euskarak oztopoak sortzen omen ditu: grafia euskalduna erakusteak konfrontazioa uzten du agerian nortasun menperatzaileen aurrean

Euskal Herrian ez dago hizkuntza politikaren inongo legerik, administrazioak administrazio, baldintza beretan abizenak edota lekuen izenak arautzen dituenik. Noranzko horretan dagoen erakunde bakarra Euskaltzaindia da. Soilik irizpide batzuk gomendio bezala ematen ditu jatorriz euskaldunak diren deiturekin erregistro zibilean kontuan hartzeko, euskaraz norberak ipintzeko orduan. Jatorriz beste hizkuntza batzuetatik –espainierazkoak eta frantsesezkoak barne– euskarara zelan moldatu ez du aipatzen euskararen erakundeak. Hala ere, soilik sortzez euskaldunak diren pertsonen abizen gehiengoa dago oraindik euskaldundu barik, berez aukera bakun hori onartu zutenetik, agintarien ageriko utzikeria euskara normaltzearen aldetik –lege lanabesik ez errazteagatik–, baita euskaldun ezagun askoren aldetik euren deiturak espainiar eta frantziar grafiaz atxikitzeagatik: kirolariak, sukaldariak, irakasleak, politikariak... Gainerako jendeari begirako ereduaren gutxieneko koherentziarik ez!

Historian zehar ere gure herrian arnegatu ezagun batzuk izan ditugu bere izenei uko egin dietenak, Espainiaren eta Frantziaren aginduetara ibilitakoak: Ignacio de Loyola, Pierre de Lancre eta Loyola de Palacio ahizpak. Ziurrenik, askoz gehiago izan dira.

- Ignacio de Loyola (Azpeitia, 1491-1556): Jatorriz Eneko zen. Nafarroaren bigarren konkistan, Espainiako armadan egonik, bere izena latindartu zuen: Ignatius.

- Pierre de Lancre inkisidorearen (Bordele, 1553-1631) aitite nafarrak Aroztegi zuen abizen eta frantsestu zuen Bordelera joateaz batera. Horra hor euskaldunen kontra egin zituen gorrotoa eta hilketak.

- Loyola de Palacioren ahizpen aurreko arbaso batek Jauregi deitura ordezkatu zuen bere itzulpenaz.

Horiek guztiek nahi izan duten erara moldatu dituzte euren jatorrizko izenak, gaur euskararen aldeko eremura ezin ditugu erdal izenak moldatu edota itzuli; beste lekuetan, ordea, adierazi den bezala egin dute. Izan ere, berariazko legerik ez daukagu.

Gaiarekin loturik hemen daukazue pasadizo erreal bat:

Guraso batek maisu-maistren laneko helbide elektroniko bat eskatu zuen telefonoz, bere seme-alabaren gorabeherez hitz egiteko. Hasiera batean, zerrendan ez zen agertzen ustez idatzita egon ahal zen emaila –bere deituraz osatua–, espainiar grafiaz eta laburduraz irakurri behar zen-eta. Bitxikeriaren aurrean maistrari iruzkindu nion, besterik gabe. Berak segituan are txundituago utzi ninduen: “Nire aitak ziostan: arazorik nahi ez baduzu izan, eta saihesteko, abizena ez aldatu!”.

Euskarak oztopoak sortzen omen ditu: grafia euskalduna erakusteak konfrontazioa uzten du agerian nortasun menperatzaileen aurrean. Beraz, Athleticekoa izatearekin eta abizen euskaldun piloa edukitzearekin –euskaratu eta euskara bera jakin barik– edonora joaterik badago. Gora folklorea eta menpekotasuna!

Izenak izana ematen dio norberari; hizkuntzaren nortasun bat ezartzen du, multzo berekoek komunitatea osatuz eta kontzientzia irabaziz. Zeren zain daude “gure politikari abertzaleak”, euskalgintzakoak, gainerako euskaltzaleak eta euskaldunak herria herriago egiteko ala zorionaren hilerria nahiago dute?

Oskar Caballero

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Irakurleen gutunak Iritzia Euskara
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.