Dozenaka eragilek bat egin dute Sarek antolaturiko manifestazioarekin. Besteak beste, salpuespen politikaren bukaera aldarrikatzeko unea izanen dute. Manifestazioa La Casillan hasiko da, 17:00etan, eta Bilboko Udalean bukatuko da.
"Ezin da gehiago itxaron, egunak joan egunak etorri jarraitzen dugulako sufrimendua eta eskubide-urraketak pilatzen", adierazi du Sarek, larunbatean Bilbon eginen den euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko manifestazioaren mamia aurkezterakoan. Gaurko egunean, 123 euskal preso politiko daude Euskal Herrian, eta hiru Frantzian; hamalau iheslari eta hiru deportatu ere badaude munduan zehar.
Nahiz eta, oro har, euskal preso politikoen egoerak ez duen okerrera egin, salbuespen politikak segitzen du aitzina. Legegintzaren arloan, demagun, adhoc onartu ziren lege batzuk mantentzen dira oraindik, besteak beste, 40 urtera arteko zigorrak osorik betetzekoa. Sarek irakurketa argia du: "Lege horiek euskal presoen eskubideak urratzera bideratuta ezarri ziren, euskal gizarteak gaur egun bizi duenaz oso bestelakoak ziren garaietan. Arbuiagarriak ziren orduan, eta are arbuiagarriagoak gaur egun, egoera oso desberdina delarik". Arlo judizialean, berdin, oraindik ere errekurritzen dira espetxeetako profesionalek onartzen dituzten hirugarren gradurako progresioak, eta hori Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala salbuespeneko auzitegi baten mende dagoelako, hau da, Auzitegi Nazionalaren mende. Finean, euskal presoen erdiek baino gehiagok askatasun erregimenean egon beharko lukete betea duten zigor denboragatik; horietako anitzek, ordea, presondegian segitzen dute.
"Zuzenbideaz ez ezik, giza eskubideez ere ari gara, eta horrek izan behar du batzen gaituen helburua: giza eskubideen defentsa"
Eskubideen errespetuan jartzen du fokua Sarek: "Haien eskubideak errespetatzea, gizartera itzultzeko eskubidea, berriz sozializatzeko eskubidea eta, beraiek egindakoagatik sufritu zuten eta oraindik sufritzen duten pertsonekiko errespetuzko jarrera batetik, beren bizitzak normalizatzeko eskubidea barne, batzen gaituzten balioak indartzeko modu bat ere bada: Justizia eta Gizatasuna". Eta hori, salbuespen politikaren bukaerarekin eta espetxe politika arrunta bideratzearekin gauzatu beharko litzateke. Bilbotik larunbatean entzunaraziko duten aldarrietariko bat izanen da, beraz, espetxe-politika arruntaren eskakizunarena.
Hala eta guztiz ere, itxaropenez begiratu nahi diote etorkizunari: "Litekeena da 2026. urte hau bide luze baten azken txanpa izatea eta itxaropenezko etorkizuna ikusten hastea". Baina hori lortu ahal izateko, herritarren mobilizazio jendetsua ezinbestekotzat dauka euskal presoen, iheslarien eta deportatuen askatasunaren alde lanean dabilen eragileak. Manifestazioaren berri emateko agerraldian, biktima guztiak aitortu beharra ere azpimarratu zuten Bego Atxa eta Joseba Azkarraga bozeramaileek: "Hizpide dugun amaierako konponbide esparru hori ez da osoa izango indarkeria guzti-guztien biktimen eskubideak kontuan hartzen ez badira. Inor ez da behartu behar bizi izan duena ahaztera. Biktimen minak errespetua eta aitortza merezi ditu, anbiguotasunik gabe".
Hain justu, azken urteetan aitzinamenduak egon izana baikorki baloratu dute: "Ia hiru urte igaro dira hainbeste sufrimendu eragin duen urruntze politikari amaiera eman zitzaionetik; hiru urte, halaber, espetxeko zigorrak lehen graduan edo isolamendu ziegetan betetzeari utzi zitzaionetik". Norabide berean aitzina egiteko esperantza plazaratzen du Sarek, "gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesu horren azken txanpari ekin behar diogu", nabarmenduta.
Konponbidearen aldeko babesak anitza eta zabala izan behar duela argi dute Bilboko hitzorduaren antolatzaile eta deitzaileek: "Ez dugu nahi gure atxikipen ideologiko askotarikoak eta legitimoak oztopo izatea elkarbizitzaren alde denok batera egiteko. Izan ere, zuzenbideaz ez ezik, giza eskubideez ere ari gara, eta horrek izan behar du batzen gaituen helburua: giza eskubideen defentsa".
Zentzu horretan, urtero bezala, dozenaka eragilek bat egin dute Sareren hitzorduarekin. Alderdi politikoei dagokionez, EH Bildu, Podemos Euskadi, Sortu, EA, Alternatiba, EH Bai, Junts, ERC, CUP, BNG eta Més Per Mallorca dira babesleen artean, eta ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT zein Etxalde sindikatuez gain, Etxerat, Gure esku Dago, EHko Torturatuen sarea, Bilgune Feminista, Harrera, Ernai, Gazte Abertzaleak, Eraiki, Aske Jailadia, 40 Minutu Rock, Itsas Martxa, Eihera, ANC, Omnium Cultural eta Kataluniako abokatutzaren Koordinadora ere bertan egonen dira. Elkartasuna ekonomikoki adierazteko bidea ere ireki dute, Bizumkada-ren bidez.
Manifestazioa La Casillan hasiko da, 17:00etan, eta Bilboko Udalean bukatuko da. Aitzin, egun osoko egitaraua osatu dute. 11:30ean, Porrotx eta Zapotxin eta 12:30ean, Naiz Irratiaren emanaldi musikatua eskainiko dute Bilbiko Plazan; kalejira ere eginen dute Alde Zaharrean, erraldoiak, buruhandiak, trikitilariak, elektrotxaranga eta txistulariak izanen dituztelarik giroa berotzeko; eta 13:00etan bertso saioa izanen dute Txakur karrikan eta 14:30ean kantu jira Berakatz taldearekin, Barrenkaletik abiatuta.
2022an Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi urte eta erdiko eta lau urteko kartzela zigorrak ezarri zizkien Arantza Zuluetari eta Jon Enparantza abokatuei, hurrenez hurren, euskal presoen bitartekaritzan aritzeagatik abiatutako 13/13 auziari lotuta. Auzitegi Gorenak zigorrak berretsi zituela jakin da asteazken honetan, urtarrilaren 7an. Naia Zuriarrainen eta Iker Sarriegiren helegiteak zati batean onartu eta haien zigorrak arindu ditu, haatik, bi urtera eta urte eta erdira, ardura "txikiagoa" zutelako. Epai hori karrikak hartzeko "arrazoi bat gehiago" dela erranda, erabaki judizial hori ere salatuko dute Bilbon: "Jazarpen politiko, epaiketa politko eta, oro har, gure herriak konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lanean jarraitzeko ezartzen zaizkigun oztopoak salatuko ditugu larunbatean Bilbon".