Ezin da gehiago luzatu


2026ko urtarrilaren 8an - 12:58
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urte asko dira. Handia da sufrimendua, eta handia ere hainbat hamarkadetako konfrontazioan gertaturiko guztia ez ahazteko gizarte eta Herri gisa dugun beharra; baita sufrimendu hori guztia errespetatuz aurrera egiteko beharra ere. Baina, aurrera egin gure historiaren aldi bat ixteko borondatearekin, eta egiteko horren protagonista izan behar dira, sufrimenduaren amaiera exijitzen hamarkadak daramatzatenak ez ezik, batez ere egoera hau luzatzea nahi ez duen emakume eta gizonek osaturiko belaunaldi berri bat.

Biktimen atsekabeak errespetua eta errekonozimendua merezi ditu, anbiguotasunik gabe, ezin baitaiteke inor behartu bizi izan duena ahaztera.

Haien sufrimendua ezin da erlatibizatu ez politikoki erabili interes faltsuengatik, eta haien oroitzapenek etika publiko partekatuaren funtsezko zatia izan behar dute.

Urtarrilaren 10ean, Bilboko kaleetan, aukera izanen dugu behar hori adierazteko, are gehiago euskal presoei salbuespeneko espetxe politika aplikatzen segitzen duten honetan.

Botere legegile, judizial eta politikoek iraganean kokatzen jarraitu nahi gaituzte, gaur egun bizi garen egoerarekin zerikusirik ez duten garaietan onarturiko legedi eta jarrera judizialen bitartez. Eta guk aski dela esaten diegu. Ezin dela gehiago luzatu.

Hainbat sektore politiko eta mediatikotik, honelako zerbait entzuten ari gara behin eta berriz: “… lehen 700 preso zegoen eta orain 120 besterik ez”.

Amaiera eman genion urruntze-politikari, zigorrak osorik lehen graduan betetzeari, bakartze-ziegei..., baina orain espetxe-politika arrunta eskatzea dagokigu, eta ziegetako ateak irekitzen joatea, haien bizitza berriz askatasunean hasi ahal izateko

Datu horrek, bestelako azalpenik gabe, gaizki-ulertuetara eraman dezake, egia baita horrenbeste preso egon zirela eta esaten direnak baino are gehiago ere, baina egia ere bada atera diren gehien-gehienak auzitegiek ezarritako kondena osorik beteta atera direla.

Gaur egun, Euskal Herriko eta Frantziako lurralde administratiboko kartzeletan gelditzen diren 120 preso inguru horietatik gehien-gehienak ari beharko lirateke haien kondenak erregimen irekian betetzen, dagoeneko bete duten kondena-denbora bat baitator erregimen hori aplikatzeko legeetan zehaztutakoarekin; baina, zoritxarrez, ez da horrela.

Haietako asko espetxeko bigarren graduan daude, beste batzuek 100.2 artikulua aplikatuta dute, baina haietako askok 25 urte baino gehiago daramatzate askatasunaz gabetuta, ez baitiete oraindik aplikatu dagokien eskubide bat: espetxe-baimenak, irteera programatuak edo progresioa hirugarren gradura.

Eta egoera hori gorabehera, baikorrak izan nahi dugu, eta aitortu nahi dugu azken hiru urteetan nabarmen aurreratu dugula. Amaiera eman genion urruntze-politikari, zigorrak osorik lehen graduan betetzeari, bakartze-ziegei..., baina orain espetxe-politika arrunta eskatzea dagokigu, eta ziegetako ateak irekitzen joatea, haien bizitza berriz askatasunean hasi ahal izateko.

Gauzak horrela, adinekoak eta gazteak, gizonak eta emakumeak, atxikipen ideologiko desberdinak alde batera utzita, demokratikoki erantzutera deituta gaude Bilboko kaleetan, urtarrilaren 10ean, larunbata.

Guztioi dagokigun egitekoa da; izan ere, joan zen urriaren 18an Bilbon esan genuen bezala, "guztion ahalegin partekatuak bakarrik lagunduko digu giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza lortzen", horretaz ari baikara, giza eskubideez, eta hau da borondateak batzeko balio behar duen aterkia. 

Sare herritar saretik, zeregin horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure gizartearen etorkizuna ezin baitaiteke izan indarkeriarik eza soilik, baizik eta enpatiaren, justiziaren eta elkartasunaren presentzia aktiboa.

Sareko Elkargune Nazionalaren izenean: Joseba Azkarraga, Bego Atxa, Mikel Mundiñano, Beñat Uribe-Etxeberria, Ion Marauri, Irkus Badillo, Xabier Bidaurre, Eñaut Landa eta Naikari Iturbe

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin