Administrazioan euskara sustatzeko Eusko Jaurlaritzak onartutako planak aplikatu behar dituztenak Jaurlaritzaren Gasteizko, Bilboko eta Donostiako egoitzetan bildu dira gaur. Horren harira, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Miren Azkarate Kultura sailburuak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Zelai Nikolas Tiraka langile euskaltzaleen elkarteko kideak prentsaurrekoa eskaini dute Gasteizen. Ibarretxek adierazi duenez euskara bultzatzea xede duen egitasmo honetan bere "ametsak eta itxaropenak" jarri ditu eta Administrazioko langileen ekimenari esker bete egingo direla esan du. Bere hitzetan, "azken hogeita bost urte hauetan urrats sendoak egin ditugu euskararen normalkuntza ziurtatzeko, eta zer esanik ez Administrazio Publikoan". Hala ere, lanean jarraitu beharra dagoela dio. Sekula baino gehiago egiten da euskaraz, "baina jauzi handia dago ezagutzaren eta erabileraren artean; guri dagokigu bi bazter horiek lotuko dituen zubia eraikitzea".