Ez ordaintzearen prezioa

Behe Banda

2026ko maiatzaren 18an - 12:56
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ordaindu gabe joatera ausartzen naizenean, egoerak ia ez du posible ematen, alde guztietara begira nabil eta, ea noiz arte iraun dezakeen hutsune legal honek. Poltsikoak beteta ditudala seguratak ia pasarela gorria egiten didala sentitzen dut, aurpegi txintxo honekin zer edo zerk pitatu badu ere. Ordaintzen dudan horietan, nahiko nukeena baino gehiagotan, tontoa sentitzen naiz, oso erraza dirudi dirurik ez ibiltzearena. Batzuetan amesten dut datafonoko tick hori mugimendu ukatu bat izan dela nire mugikorrean. Mugimendu atzeratu bat, egunetara notifikatua, atxikitu zaidan kopurua, ilusio horren parte bat da ere bai.

Ez ordaintzearen prezioari, ordea, denok dakigu multa deitzen zaiola. Horren eskutik, ez dago legearen aurrean berdin izaterik. Debekua ez zaigu denoi berdin aplikatzen, batzuentzat bizia geldiarazten duena, zorrek itotzen dutena, besteentzat ate irekiera bat da. Legearen urraketa, ia desiragarria da pribilegio baten trukean.

Dirua irudimenezko giltza bat da, eskubide eta betebeharrak nahieran antolatzen dituena

Dirua irudimenezko giltza bat da, eskubide eta betebeharrak nahieran antolatzen dituena. Bizirik mantentzeko aukeratu zure neurrirako atea, eta onartzeko zauden giltza motaren arabera, egizu txin-txin. Argi ibili, ez nahastu zein den zure lekua honetan.

Dirua eskuz esku pasatzen da, azkenean zikindu egiten da. Gainean daramagu gure gainbalioa. Elkarri zorrak kitatzen dizkiogu, begiratzaile baten modura, egunez eguneko kontuaren jarraipena xentimoz xentimo egiten dugu, hartu-eman orok kalkulu matematikoa izan dezake eta. +0.87 Loreari, -3.04 Enaitzek zuri, amak bueltako +50.00 euro. Ez zor ezer inori, dirua gaiztoa da bere horretan, burutik pasatzen zaizkit ahaztu ditudan guztiak, gogoratzeko gai izango banintz bezala.

Zenbaki baten neurrira gizakiaren dimentsio osoa. Erosketa bukatu bezain pronto ikusten dut hurrengoa etortzen, unibertsitatera igotzen naizen bakoitzean areagotzen da asteburuan txartela kargatu beharra, hurrengo urteko pisuko alokairuaren igoerak non utziko nauen burutik ezin kendu nabil. Gure artekoa garbi mantentzen saiatzen nabil, baina beharra eta nahiaren artean, debekua ez zaigu denoi berdin aplikatzen.


Irakurri gehiago: Gizartea Literatura Kultura
Gizartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.