Bideo berri batean, eskuak odoletan dituztela ageri dira Quentin Deranque eta bere kide bat. Lekuko batek bere egoera larriaz ohartarazi arren, ospitalera ez joateko aholkua ematen diote lagunek.
Le Progrès egunkariak zabaldutako grabazio berri batean, Quentin Deranque militante neofaxista eta haren kide bat ageri dira, eskuak odolez zikinduta. Deranque bera "nabarmen desorientatuta" ikusten da irudiotan, otsailaren 12an Lyonen izandako borrokaren ondoren hain zuzen ere. Egun hartan, Palestinaren aldeko ekitaldi baten harira, hainbat antifaxistari eraso zieten Deranquek eta beste faxista batzuek, eta bi egun beranduago hil zen gaztea zaurien ondorioz.
Aipatutako komunikabideak egiaztatu ahal izan du errealak direla irudiak. Gazte neofaxista "aurpegia oso zurbil" duela eta "isilik" azaltzen da bertan, eta, bitartean, pertsona batzuk, tartean bere kideak, zer egin eztabaidatzen ari dira. Emakume ezezagun batek dio ospitalera joan behar duela Deranquek: "Buruan kolpea hartu du gizon honek. Uste dut ospitalera joan behar dugula, oso itxura txarra du". Hala ere, zauritutako erasotzailearen lagunetako batek, ustez beste militante neofaxista bat denak, kontrakoa aholkatzen dio: "Poliziarekin arazorik izan nahi ez badu, alde egin behar du". Zaurituak, txanoa jantzita eta eskuak odoletan dituela agertzen dena, ez du hitzik egiten sekuentziako une bakar batean ere. Ez zen osasun-etxera joan, eta bi egun geroago, otsailaren 14an, hil egin zen.
Faxistek eta Frantziako Estatuko komunikabide eta politikari profesional gehienek zabaldutako bertsioa kontraesaten du bideoak, gaztea "biktima errugabe" gisa aurkezten saiatu baitira. Bideo berriak, ordea, zantzu sendoak ematen ditu esan ahal izateko Deranquek parte hartu zuela Palestinaren aldeko ekitaldiaren aurkako segadan, beste kide faxista batzuekin batera. Frantzia Intsumisoko eurodiputatu Rima Hassanek hartu zuen hitza ekitaldian, besteak beste.
Le Journal de Saône et Loire egunkariak zabaldu duenez, bideo berriaren argitaratzeak bat egin du beste bi antifaxistaren atxiloketarekin. Haietako bat, "borondatezko homizidioagatik" auzipetuta dagoena, aske utzi zuten hasieran, baina, azkenean, atzo bertan espetxeratu zuten, Apelazio Auzitegiaren esanetan. Beraz, oraingoz, zazpi militante antifaxista inputatu eta behin-behineko espetxealdian sartu dituzte. Faxista bakar bat ere ez dute kasu honengatik auzipetu, ezta kartzelaratu ere.
Frantziako eta Europako eskuin muturrak bere diskurtso biktimista elikatzeko eta antifaxismo militantearen eta ezker instituzionalaren aurkako "neurri gogorrak" eskatzeko erabili du kasua. Hala ere, orain argitaratutako irudiek, aurrez egindako jakinarazte batzuek bezala, Deranque "errugabe jipoitu" bat izan zela dioen narratiba desegiten dute, eta baieztatzen dute Palestinaren aldeko ekitaldi politiko bati erasotzera joan zela Lyonera. Bere lagun faxisten aholkuak, Deranque salbatu baino nahiago izan zutenak erasoa ezkutatu, auziari buruzko galderak zabaltzen ditu faxistentzat eta haien konplizeentzat gatazkatsua den norabide batean.