Otsailaren 13an torturaren kontrako eguna izan zen. Eta aste bat aitzin (otsailaren 7an), non eta Intxaurrondon (Donostia), Tortura Feminismotik Erreparatu jardunaldia ukan ginuen. Bietan ozen azpimarratu da torturaren izaera sexista.
Garai eta leku ezberdinetako jendarteetan, genero mandatuei kontra egiten dietenak zigortuak izan dira, besteak beste, tortura ere baliaturik. Torturaren helburuetako bat generoa doitzea baita. Hau da, patriarkatuak agindutako proiektutik hurbilago diren profiletara diziplinatzea. Tortura, genero indarkeria politiko bezala baliatu izan dute.
Baina torturatuak izateko, zigortu nahi den komunitatea, lehenik torturagarri egin behar dute. Sorginak, Putak eta Terroristak kontzeptuak (Olatz Dañobeitiaren liburuari keinu eginez), komunitate bat torturagarri bihurtzeko tresnak izan dira. Eta horrela, gure kasuan, tortura atxiloketa aitzin hasten zen: gure militantzia politikoarengatik torturaren lanjerra barneratu ginuen mementotik. Testuinguru horretan, edozer justifikagarri bihurtu zuten eta horrela torturak duen indarkeria matxista ezabatu.
Gure herrian orain arte tortura indarkeria politiko gisa bakarrik landu dugu eta azken urteetan, gainera, agenda politikotik ezabatu ere. Aldiz, emazte batzuk berregite, erreparazio, osatze, osotze (beren hitzak)... prozesuen inguruan hausnartzen izanak dira. Tortura feminismotik erreparatu jardunaldia, alimaleko ahizpatasunez eraiki, zaindu eta eginiko egonaldi hori, hausnarketa horien emaitza izan da. Mugarri bat gure historian. Eta berrosatze ariketa bat izateaz gain, hausnarketarako bidea zabaldu da: kolektiboki tortura begirada feministatik heltzeko prozesua abiatu da.
Ikuspegi feministatik, Euskal Herriko emazte batzuen ibilbidea izugarria da, baina ez zaie aitortzarik egiten, ez dira kontuan hartzen eta ez dute dagokien ikusgarritasunik gure memorian
Tortura, beste indarkeria matxistekin gertatzen den gisan, jendartearen arazoa izanki, jendarte osoari dagokio ardurak hartzea, tortura posible egin dituzten baldintzak desegiteko eta sortutako mina erreparatzeko. Eta hori guztia, begirada feministarekin egin nahi dugu. Feminismoak badituelako hainbat tresna indarkeria matxista ulertzeko erabili direnak eta torturaren auzian baliagarriak direnak.
Ipar Euskal Herrian ez dugu torturaren mehatxua hain present ukan (ez gira atxiloketa, espetxealdi edota gerla zikinaren mehatxuetatik salbu izan, halere), baina hurbil ikusi dugu bere eragina. Zonbat lagun hartu ditugu gure etxeetan torturatik ihes? Beren bizitza zangoz gora, lagunengandik urrun, etorkizuna noraezean... Entseatzen ginen beraien zurrunbiloak goxatzen. Garai hartan kolektiboki bortak irekin genituen gisan, orain ere, kolektiboki heldu diezaiogun luzatu diguten erronkari; entseatu giten gorputz hautsi horiek feminismotik goxatzen.
Intxaurrondoko jardunaldian gure memoria atxiki behar dugula ere, usu aipatu zen. Euskal gatazkan gertaturikoak, lotsak eta isiltasunak gaindituz, guhaurek kondatu behar ditugula. Zeren eta batzuetan iduri du emazteek ez dugula parte hartu euskal gatazkan, edo, gutaz mintzatzean, parametro jakin batzuetan egiten dute. Alta, genero-erregimen ezberdinen artetik, emazte militanteak bidea egiten izan gira. Ikuspegi feministatik, Euskal Herriko emazte batzuen ibilbidea izugarria da, baina ez zaie aitortzarik egiten, ez dira kontuan hartzen eta ez dute dagokien ikusgarritasunik gure memorian.
Astindu ditzagun, beraz, gure oroitzapenak eta mintza gaiten gertaturikoez. Gazteei ere, beren memoria kolektiboa eraikitzen lagunduko baitie gure iragana transmititzeak.
Horretarako parada izanen da martxoaren 6an Larzabaleko Espelletenia ostatuan izanen den Euskal gatazka ikuspegi feministatik mintzaldian. Bertan ukanen ditugu, batetik, Maider Galardi Euskal gatazk(ar)en ertzetako biolentziak ikerketaren egilea eta, bestetik, Olatz Dañobeitia Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat: 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua ikerketaren egilea.
Garai erreakzionario honetan edozoin disidentzia, izan genero, hizkuntza, larru kolore, jatorri, bizi eredu... berriz ere jo puntuan ezarriak dira. Sorginak, putak eta terroristak eraiki gintuzten bezala, berriz ere “erasogarri” eraikitzen ari gaituzte. Beraz, oroit dezagun gure iragana eta ikas dezagun feminismotik, borrokarako prest izan gaiten. Martxoaren 8an, eguerdiko 12:00etan, Larzabaleko itzulgunean elgarretaratzea, zeren eta... Ez gitxu lo!
Haizea Isasa
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.