Ez gatoz Paristik

Behe Banda

2026ko urtarrilaren 19an - 10:26
Azken eguneraketa: 12:02
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gelako punta banatan eserita egin genituen azken errepaso eta entseguak, aho-itxian. “Neskak, benga, laurden gutxi”. Ai-a-ma. Koadernoak aulkietan txukun-txukun utzi eta gu ikustera etorri ziren lagunak agurtzera atera ginen kanpora. “Zer, urduri?” eta “Bai, aix, ea gustatzen zaizuen” batzuk, besarkada estu-estu asko, eta hasperen gehiago. Ateari tira egin eta barrura sar zitezen esan genien zain zeudenei. Hasi ziren sartzen lagun batzuk, beste batzuk, beste batzuk… eta amaitu ziren lagunak eta hasi zen sartzen ezagutzen ez genuen talde bat, beste bat, beste bat, guk haiek ezagutu ez arren ezagutzen gintuztenak, gure publiko objektiboa. Hasi zen sartzen guk ezagutu bai baina hark gu ezagutzen gintuenik imajinatzen ez genuen artista bat, jende gehiago, eta gehiago… jende asko-asko —poesia errezitaldi bat izateko. Jaitsi gandorretik—. Eta begiratu genien ordulariei eta bi minutu baino ez ziren falta bederatzietarako. Eta gu hor, ate ondoan egin genuen borobiltxoan, elkarri begira, begiak zabal-zabal eta hortzak ezpainetako azalari tiraka. Hasperen egiten genuen eta eskuak kopetara eraman. Ez genezakeen sinets gela hori guk bete genuenik.

“Zuek, ikusi dezue Gorka Urbizu sartzen?”, “Gezurra”, “Hor fondoan zegoen, te lo juro”.

Zer da poesia errezitaldi bat? Poemen bilduma bat buruz ala irakurriz ozenki eta adierazkortasunez esan, cantar del juglar, bufoi ikuskizuna hobeto esanda. Sinteak, gitarratxo guapo bat, autotunea, atrezzoa eta outfit aldaketak, argi-jolasak eta inoiz egingo ez ditugun beste hamaika kontu. Performancearen neurriari eusteko gai ez garelako, horrek behar duen egoeraren kontrolerako, hitz soilera lotzea erabaki genuen.

Norbaiten aurrean egoten jakin, zerbait defendatu, ideia bat bota; ordenagailu baten atzean egiten den horren kontrakoa. Norbaitek agian irakurriko duelakoan, norbaitek, aulkietan eserita dauden horiek fijo entzungo dutela. Hau ez da diskurtso bat, aldebakarrekoa, ikusleak ere eraldatu dezake; ate hori irekiz gero, poema hauek ez dira soilik gureak.

Poesia idazle pedante eta aspergarrien kontua da, eta guk ez dugu pedante eta aspergarri izan nahi

Zenbatetan entseatu (gutxiegitan, #longdistance), ia bat-batean gertatzen ariko balitz bezala ateratzeko (entsegu kopurua ikusita, normala). Nola aurreikusi nire ahotsaren tonua, nire eskuek helduko dutena, nire bi hankak lurrean jartzeko era, guk denok hartuko dugun pisua. Ikusleari begirada bota, bueltan jaso: inoiz ez gaude aurpegia emateko prest. Eszenatoki bat altxa guretzat, lurraren alturan, mesedez.

Baina gaua musikarena da eta gu ez gara horrelako banda bat. Eta poesia idazle pedante eta aspergarrien kontua da, eta guk ez dugu pedante eta aspergarri izan nahi. Idazle bai, baina estand gabeko idazle Durangoko Azokan. Ahotsenea ezagutu bai, lekua goitik behera aztertua genuen, publikokoak ezagutzen genituen, baina aulkien noranzko bakarrean. Gu ez gara hemengoak.

Hala ere, badirudi batzuetan aurrez aurre ikusi arte egiten duzuna ez dela materializatzen. Begiak pintza batzuekin irekita eta aulki batera estu lotuta behartu idazten duguna entzutera. Paperean etxera eramateko aitzakia bat eman, hori egin nahi genuen. Testuak ahoetan sartu, zatitu, banatu, akoplatu, errepikatu, antzeztu, kantatu, isildu.

Aurrera begira geratu ginen isilik. Isilik, gu. Txaloak eta txistuak entzuten, ikusten genituen. Ezin izan genuen irribarrerik gorde (agian ez zen hain epikoa izan baina guretzat bai. Utzi

momentua horrela gogoratzen mese). Seirok elkarri sorbalda gainetik besoa pasa, eta elkar besarkatu genuen saltoka. Esan ziguten catering bat utzi zigutela Landakon. Artista sentitu ginen. Hiruna pintxo janda eta lata bana hustuta —beste bana poltsan, artistak bai baina pobreak ere bai— atera ginen kanpora eta sartu ginen topatu genuen lehenengo tabernan. Sei txupito tekifresi mese. Barregura sartzen zitzaigun gertatu zena gogoratzen genuenero (10 segunduro). Eskatu genituen txupito gehiago eta egin genuen barre eta dantza asko-asko-asko, eta oraindik, gogoratzen dugunero, barre txiki bat ateratzen zaigu.

Oraingoz, hurrengoa eta azkena otsailaren 3an Gasteizen, Hala Bedi tabernan arratsaldeko zazpietan, Azpimarra irakurle langileon klubaren babesean. Proposamenak MDra.


Poesia kanalean gehiago
2025eko ekainaren 9
Mahai ingurua: Aurelia Arkotxa eta Rakel Pardo
Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.