"Ez gara neutralak"

  • Ez gara neutralak ARGIAn. Atzo Hego Euskal Herrian jendetza batu zuen greba orokorra, kazetaritza konprometitutik kontatu genizuen, berdin Ipar Euskal Herrian abendutik pentsio erreformaren aurka egiten ari diren mobilizazioak. Euskal Oasia omen den honetan, prekarietateak zeharkatutako bizitzak gero eta gehiago direlako, eta erretreta duinak, lan duinak, azken finean bizitza duinak aldarrikatzea gero eta beharrezkoagoa delako.


2020ko otsailaren 03an - 00:07
Mikel Garcia Idiakez Argiako kazetaria.

Euskal prentsak ere, lan-baldintzak duintzea eta sektorea egonkortzea izan du helburu instituzioekiko harremanean. Urte luzetako eskaeraren ondoren, 2019an aldaketak ekarri dituzten diru-laguntzak abiapuntu ona dira. Ezberdinei errespetuz entzuteko borondatea duten pertsonak badaude, eta hori abiagune baikorra da publizitate instituzionalaren banaketan eta beste hainbat gaitan sakontzen jarraitzeko.

 

Ez gara neutralak ARGIAn, halaxe islatu dugu 100. urteurrenean. Munduari begiratzeko eta munduan jarduteko dugun manera izan dute ezaugarri mendeurreneko ekitaldiek; deskolonizazioan aurrera egiteko baliatu ditugu. 22 ekitaldi izan dira denera, hamar eragilerekin elkarlanean, Euskal Herri osoan zehar, eta tokian tokiko ARGIAren komunitateari esker. Mendeurrena borobiltzeko, 100 urteko ondarea jarriko dugu denon eskura eta lizentzia librean: aldizkari guztiak eta argazki artxibo historikoa digitalizatzen ari gara eta laster aurkeztuko dugu fototeka.

Urte mugitua izan da 100.a, eta batez ere, urte ederra: 1980an ARGIAren jabe egin ziren langileekin berriz ere elkartzeko aitzakia paregabea izan dugu, baita gure komunitatea zein inplikatuta dagoen egiaztatzeko aukera ere. Azken urteetako joerari eutsiz, gero eta jende gehiagok ematen dio sostengu ekonomikoa ARGIAri. 2019an, 427 etxe gehiago egin dira ARGIAko kide; beste batzuk joan dira, baina orotara gero eta gehiago gara.

Ilusio berarekin ekin diogu 101. urteari. Lantaldea indartu dugu eta lehenengo aldiz, erredaktoreak ditugu Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa Garaian. Kontratazio berriekin, lurraldetasuna sendotu nahi dugu gure komunikabideak jarraitzen dituen berrietan.

Ilusio berarekin ekin diogu 101. urteari. Lantaldea indartu dugu eta lehenengo aldiz, erredaktoreak ditugu Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa Garaian

Baina oro ez da urre. Iaz, bi ertzainek herritar baten hizkuntza eskubideak urratu zituztela informatu zuen Lander Arbelaitz lankideak, eta ertzainek salaketa jarri zuten bere aurka. Zama hori ez dugu oraindik gainetik kendu; informatzeko eskubidearen alde borrokan jarraitu beharko dugu, eta bidean espero zaituztegu.

Urratsak ematen segitzen dugu etxe barruan. Dagoeneko, plastikoan bildu gabe bidaltzen ditugu aldizkariak; 300.000 plastiko gutxiago joango dira erraustegira. Horrek kezkatuta gauzkalako: martxan jartzear dira hain gertu dugun Zubietako erraustegia, eta langileon osasuna jokoan da, beste herritar askorena bezalatsu.

 

Ez gara neutralak ARGIAn. Inoiz ez gara izan. Hori ere erakutsi digute gure aurretik ARGIA egin dutenek. Ibilbide hori jaso du Gorka Bereziartua lankideak, Ez Gara Neutralak liburuan, etorkizunera begiratzeko aurrekoek egin duten lana aintzat hartzea ezinbestekoa baita. Errelatoari gure ekarpena egiteko balio izan du mendeurrenak, eta 80ko Argiero haiek finkaturiko oinarri berak mantentzen ditugula berresteko: logika kapitalistatik ihes egiten duen herri proiektua da ARGIA, euskalduna, nazionala, independentea, langileok jabe garena. Beste lezio bat ere ikasi dugu aurrekoengandik: biziraun ahal izateko, burujabe izan behar du ARGIAk, ez baita beste inoren lehentasuna. Horretarako ere sortu genuen Ametzagaiña taldea. Eta burujabetzak ditugu iparrorratz. Burujabetza politikoa, Euskal Herria zer izatea nahi dugun erabakitzeko. Elikadura burujabetza, jaten duguna lurretik platereraino gure esku izateko. Finantza burujabetza, gure aurrezkiekin zer bultza nahi dugun erabakitzeko. Gorputzaren gaineko burujabetza, pertsona izateko, ez kontsumorako produktu. Hezkuntza burujabetza, pertsona kritikoak sortzen dituen euskal eskola publiko, laiko eta eraldatzailea izateko. Teknologia burujabetza, gure egunerokoa kontrolatu nahi dutenen eskuetatik askatzeko. Energia burujabetza, gure beharrak doitu eta hauek energia berriztagarriz asetzeko. Eta informazio burujabetza, munduari buruzko informazio fidagarria izateko.

Errelatoari gure ekarpena egiteko balio izan du mendeurrenak, eta 80ko Argiero haiek finkaturiko oinarri berak mantentzen ditugula berresteko: logika kapitalistatik ihes egiten duen herri proiektua da ARGIA

Ez, ez gara neutralak, eta ez gara fio objektibotasunez mozorroturiko kazetaritzarekin. Non kokatuta dagoen garbi adierazten duen kazetaritza egiten dugu, bazterrean geratzen den horren bila, beharrezkoak garela sinetsita. Gorka Bereziartuaren liburuko hitzak lizentzia librean hartuz: “ARGIA posible izan bada, bizi nahi duen herri batek hedabide honen premia izan duelako da. Eta etorkizunean ere, herri horren aldeko apustua egiten badu iraungo du ARGIAk”.

Beste ehunka urteko bizia izan dezala euskarazko kazetaritza ez neutralak!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude