Abenduaren 15ean 40 urte beteko ditu Nafarroako Euskararen Legeak. Euskal Herrian Euskarazek urteurrena “vascuencearen lege bidegabe eta zapaltzailea” salatzeko baliatuko du mobilizazioen bidez. Ofizialtasuna esanahiz betetzeko eskatu du eta euskarari “lehentasuna” emango dion ofizialtasuna aldarrikatu du.
Izpegiko gainean, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia batzen dituen mendi lepoan, irailaren 19an, egin du iragarpena Euskal Herrian Euskarazek: abenduaren 15ean, Nafarroako Euskararen Legeak 40 urte betetzen dituen egunean, mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herrian. Kattalin Ezkerra EHEko kideak ARGIAri adierazi dionez, euskaldunak eta euskaltzaleak deitu dituzte EHEk antolatuko dituen protestetara, eta era berean, hizkuntza eskubideak eta “gure herria” aldarrikatu nahi duen oro animatu dute mobilizatzera eta antolatzera.
Ezkerrak azaldu digunez, Nafarroako Euskararen Legea “zapaltzailea" da, "dagoeneko Frantziako eta Espainiako estatu kolonial inperialistek zatituta zuten Nafarroa are gehiago zatitzeko erabili baita”. Gogorarazi du lege horrek euskaldunak mailakatzen dituela, eremuka eskubideak desberdinak direlako, eta aldiz, “euskaraz ez bezala, Nafarroa Garai osoan berme guztiak daude espainolez bizitzeko”. Gehitu du Nafarroa euskararen jatorrizko lurraldea dela.
“Aurpegi zuriketarik ez”
EHEk ez du lege “baztertzailerik” nahi, eta hala dio Ezkerrak: “Batzuk ofizialtasunaz solastatzen dira, beste batzuk koofizialtasunaz, besteek berezko hizkuntzatzat hartzen dute euskara; guk, aldiz, diogu Nafarroa Garairako, Nafarroa osorako eta Euskal Herri osorako ofizialtasuna nahi dugula, Euskal Herriak eta euskarak bizirauteko behar den bezalakoa”. Ezkerraren iritziz, horrek esan nahi du lehenik eta gehienik euskaraz aritzea, kalean, etxean, lantokian, administrazioan... Ofizialtasun horrek euskara “berezko hizkuntza nazionaltzat” aitortuko luke eta “ezagutu beharrekotzat” izendatuko luke.
Mendez mende euskaldunak “modu sistematikoan baztertu eta zapaldu” direla adierazi du Ezkerrak, eta horren aurrean herri boterea aktibatzea eta antolatzea egokitzen dela orain.