argia.eus
INPRIMATU
“Ez dugu irudikatzen Amazonen praktikak noraino iristen diren”
  • Merkatua tenkatu eta bereganatzeko Amazon zer egiteko prest dagoen –eta zer egiten duen– ba al dakigu benetan? Pentsatu al dugu kontsumo eredu horrek ekartzen dituen kalteen inguruan? Horri buruz gogoetatzeko solasaldia antolatu du Behe Bidasoako Eskubide Sozialen Kartak, Oiartzunen Amazonek egoitza irekitzeko asmoa agertu duela-eta. “Soluzioak egon badaude, baina denon artean eraiki behar ditugu”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko irailaren 21a

Saltzen ez dituzten produktuak erretzen dituztela, behin merkatua monopolizatzen dutenean drone bidez banatzen hasiko direla… eta gisako jardunbideez aritu zaigu Claudia Romero, Behe Bidasoako Karta Sozialen kidea. Eurek antolatu dute ostegun honetarako “Amazon, ez hemen ez inon” solasaldia, Irungo Palmera Montero gunean, arratsaldeko 18:30ean.

Praktika horiek ezagutaraztea da solasaldiaren helburuetako bat, baita Amazon ereduak duen eraginaz hitz egitea ere, lan baldintzen prekarizazioan, eskubideen galeran, ingurumenean, tokiko merkataritzan, lurralde ereduan…

Alternatibak eraikitzen

Kritikatik harago, kontzientzia hartu eta bestelako ereduak izan badirela ere azpimarratu nahi dute, horien aldeko apustua egin dezakegula. “Alternatibak erakutsiko ditugu, eta horiek aurrera eramateko ditugun zailtasunak, bidea ez baita arrosa kolorekoa, eta horregatik da inportantea denon inplikazioa: soluzioak egon badaude, baina denon artean eraiki behar ditugu”, dio Romerok.

Soluzio horien ordezkariek ere hitza hartuko dute solasaldian, hala nola Zaldunborda Gelditu plataformako kide batek (eskualdeko merkatari txikien ordezkari) eta Badoa banatzaileen kooperatiba sortu berriko kide batek.

Oiartzunen gune berria Amazonentzat?

Amazonek Oiartzunen gune bat irekitzeko asmoa zertan den galdetu diogu Romerori. Geldirik dago afera, ez dago berririk, “baina halako enpresekin inoiz ez dago jakiterik, daukaten gaitasun finantzario eta estrukturala hain da handia egun batetik bestera egin dezaketela jauzia”. Dena den, argi utzi nahi izan digu mezu nagusia: “Amazon, ez hemen ez inon”.