“Ez dugu ez estatubatuarrak izan nahi, ezta daniarrak ere, groenlandiarrak gara”

  • Groenlandiako alderdi politiko guztiek adierazpen bateratua egin dute, AEBek irla bereganatzeko agertu duen asmoaren testuniguruan. "Gustatu edo ez" AEBek zerbait egingo dutela ziurtatu du Donald Trump presidenteak, bide militarra baztertu gabe. Zenbait hedabidek jaso dutenez, Alemaniako eta Erresuma Batuko gobernuak Artikora indar militarrak bidaltzea aztertzen ari dira.


2026ko urtarrilaren 12an - 11:08
Azken eguneraketa: 15:40
AEBeren interbentzioaren aurka manifestazioak egon dira uhartean Aristegui Noticias
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Europa eta AEBeren arteko tentsioa areagotu egin da Trumpek Groenlandia bereganatzeko bide militarra aukera bat dela adierazi zuenetik. Horri erantzuteko, Europako zenbat herrialdek ohar bateratua argitaratu zuten lehengo astean. Oraingoan Groenlandiako politikariek hartu dute hitza modu bateratuan, eta uhartearen subiranotasuna eta groenlandiarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dituzte: “Ez dugu amerikarrak izan nahi, ez dugu daniarrak izan nahi, groenlandiarrak izan nahi dugu”.

Groenlandiako Parlamentuan ordezkaritza duten bost alderdi politikoek plazaratu dute komunikatua. Azpimarratu dute “berriz ere” AEBek uhartearekiko agertu duten “mespretxua” amaitu egin behar duela. Adierazi dute Groenlandiako Gobernua eta parlamentua herritarrek hautatzen dituztela eta etorkizuna haien esku dagoela. AEBekin eta Mendebaldeko gainontzeko herrialdeekin "kolaboratzen" dutela eta horrela egiten jaraituko dutela adierazi dute, baina inongo herrialderen interferentziarik gabe, nazioarteko printzipioak errespetatuz, eta herrialdeen arteko elkarrizketa oinarri. 2008an autogobernu estatutuaren erreforma onartu zuten groenlandiarrek erreferendumean, eta autodeterminaziorako eskubidea onartzeaz gain eskumen ugari eskuratu zituzten.

Groenlandiarren nahien aurrean Trumpek entzungor egiten jarraitzen du eta ostiralean esan zuen AEBek uhartean eragingo dutela, “gustatu hala ez”. Txina eta Errusiaren aurrean defendatzeko aitzakiarekin, “jabetzeaz” hitz egin zuen: “Hori egiten ez badugu, Errusia edo Txina Groenlandiaz jabetuko dira, eta ez ditugu bizilagun izango Errusia eta Txina. Akordio batera iritsi nahi nuke, era onean; baina onean egiten ez badugu txarren egingo dugu”. Ukatu egin du uhartearen gaineko Danimarkaren subiranotasuna: "Duela 500 urte han itsasontzi batekin lehorreratu izanak ez du esan nahi lur horren jabe direnik".

Alemaniako eta Erresuma Batuko buruek Groenlandiara militarrak bidaltzea pentsatzen ari direla argitaratu dute zenbait komunikabidek. The Telegraphen arabera, Alemania aztertzen ari da Artikoan "NATOren operazio bateratu bat" bultzatzea. Bide berean, Erresuma Batuko lehen ministro Sir Keir Starmerrek tropa britainiarrak Groenlandiara bidaltzea pentsatzen ari dela argitaratu du The Indepedentek egunkariak. 


Groenlandia kanalean gehiago
2026ko urtarrilaren 14
AEB-en erasoa Venezuelaren aurka
Trumpen bakeak guda esan nahi du

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.