Zinemaldian ikusten ditudan pelikula batzuetan, adi-adi jarrita ere, ez dut jakiten nondik nora doan artistaren intentzioa. Batzuetan, pelikula konplexua delako eta aztertzeko denbora eskatzen duelako, baina, beste batzuetan, iruditzen zait ez duela ezer interesgarririk eskaintzen. Bloques erráticos (Haitz alderraiak) ikustea tokatu zait, eta argi eta garbi esan behar dut iruditu zaidala ez zeukala nondik heldu pelikula honek.
Berez, sinopsia interesgarria zen: duela ehun urte, 1926an, Lucien Castelnau zuzendariak pelikula dokumental bat grabatu zuen Patagonian. Bertan hil eta izoztuta geratu zen glaziar batean, eta berotze globalaren ondorioz bere mamua libre geratu da, eta, ehun urte geroago, Patagonia modernoago batera iritsi eta nola dagoen ikusi du.
Bada, filma ordu eta erdiko lan esperimental jasangaitza iruditu zait niri, ez besterik. Lehenik eta behin, gidoia, aspergarria izateaz gain, oso gaizki aurkeztua, jarraitzeko zaila eta apur bat uste handikoa begitandu zait. Lucien entzun dugu, edo bere mamua, ordu eta laurden amaigabe batez off-eko ahotsa erabiliz monologo aspergarria kontatzen. Poesia errezitatzen ariko balitz bezala, baina ulertzeko zaila edo ezinezkoa, eta ezer kontatzen ez duena. Gainera, istorioak ez du inolako haririk, leku batetik bestera saltoka dabil denbora guztian, eta ez dago pertsonaia interesgarririk; publikoa segituan galdu du. Ahotsa bera bakarrik ez, planoak eta zinematografia ere esperimentala, arraroa eta jarraitu ezina da.
Berez, istorioa benetakoa da gainera, Paul Castelnau zuzendariaren eta Lucien Le Saint zinematografoaren film batean oinarrituta dago. La terre de feu (Suzko lurraldea) benetan grabatu zuten filma izan zen, eta, berez, Patagoniako Kawéskar, Yaghan eta Ona indigenei buruz ezagutzen den filmaketa zaharrena edo zaharrenetakoa da. Kontua da, Bloques erráticos-ek ez diola ezer ere gehitzen hasierako film horri. Ez du ia deus azaltzen filmaren gainean, une labur batean izan ezik, eta ez du inolako interesik pizten ikusleengan.
Azkenik, filmaren amaieran, La terre de feu orginalaren zati bat jartzen du filmak, 1926an ahotsik gabe grabatutakoa, alegia. Ordu eta laurden eroangaitzaren ostean, inori ez zitzaion jada inporta lan originala, berez ikusgarria eta balio historiko handikoa. Badakit oso gogor kritikatu dudala , baina, benetan, ez nioke inori gomendatuko.