Ez du nahikoa bero egiten, edo ingurumen-jasangarritasunaren aurka doa: espetxearen arrazoiak presoei haizagailuak debekatzeko

  • 2025etik ari dira Araba espetxeko presoak ziegetan haizagailuak izateko eskaerak egiten. Bero handiko egunetan ziegetako egoera “jasangaitza” dela salatu zuen preso talde batek ARGIAri emandako elkarrizketan, eta hedabide honek jakin duenez, gauean 34 gradu neurtzera iritsi dira aurtengo beroaldietan. Espetxeak debekua mantentzen du, halere. 2025eko azaroan espetxearen zuzendaritzak debekuaren arrazoiak jasotzen dituen txostena egin zuen. ARGIAk txostena eskuratu du.


2026ko uztailaren 28an - 12:06
Irekia.eus
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Madrileko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak eskatuta, Zaballako espetxeko zuzendaritzak hiru orritako txostena igorri zion 2025eko azaroaren 19an. Ondoren, txosten horretan oinarrituta eman zion ezezkoa Madrileko epaitegiak euskal preso politiko baten eskaerari, haizagailuak erosi eta ziegan izateko eskubidea aldarrikatzen zuena. Aurretik espetxeak preso horri eta eskaera bera egin zuten beste batzuei ere ukatuak zizkien haizagailuak.

Txostenaren arabera, Zaballako espetxe zuzendaritzak hiru aldagai aztertu ondoren hartu zuen haizagailuak debekatzeko erabakia: “premiak, onurak, eta eragozpenak”.

Premiarik ez

Zuzendaritzak 2025 urtean “espetxearen inguru geografikoan” erregistratutako tenperaturen grafikoa txertatu zuen txostenean. Bertan ikus daiteke uda partean 30 gradutik gorako maximoak izan zirela hainbat egunez, baina espetxearen arabera datuek “baztertu” egiten dute ziegetan haizagailuak izateko premia.

Ziegetako tenperaturaz honakoa salatu du euskal preso politikoen talde batek 2026ko ekaina amaieran ARGIAri emaniko elkarrizketan: “Kontuan hartu behar dugu, hormigoizko pareten artean itxita gaudela eguneko eta gaueko ordu askotan, eta hormigoiak egunean zehar egiten duen beroa gorde eta labe efektua eragiten duela ziegetan. Horren ondorioz, ziegetako egoera jasangaitza da, ihesbiderik gabeko labe moduko bat bilakatu dira”.

ARGIAk jakin duenez, ekainean eta uztailean ziega barruan 34 gradu ere neurtu dituzte presoek, eta beroaldietan ohikoa bilakatu da 31-32 graduko tenperatura.

Haizagailuen onurak, “eskasak”

Debekua argudiatzeko espetxearen txostenak jasotzen duen bigarren aldagaia da ziegetan haizagailuak izateak presoei ekarri ahal dizkien onuren azterketa. Azterketaren arabera, “eskasa” litzateke probetxua. Hona hitzez hitz espetxearen argudiaketa:

“Haizagailu batek ez du airea hozten; egiazki, egiten duen bakarra airea barrurantz ‘mugitzea’ da. Hezetasuna aire lehorrarengatik ordezkatu, eta kontaktuan dauden pertsonen izerdia lurruntzen du. Berdin du haizagailua zenbat denboraz izan piztuta, graduek ez dute behera egingo, eta soilik haizagailua aurrez aurre duen pertsonari arinduko dio sentsazio termikoa. Eraginkorra izango da soilik pertsona hoztu nahi dugun gelaren barruan baldin badago, eta aire horrek ukitzen badu. Kontrako kasuan, piztuta izateak ez du giroa freskatzeko batere balio izango. Azken batean, haizagailuak airea mugitu besterik ez du egiten, eta ez da eraginkorra ziega bat hozteko”.

Txostenak ez du tenperatura jaisteko bestelako alternatibarik ematen edo neurririk iragartzen.

Eragozpenak, “askotarikoak eta garrantzitsuak”

Txostenaren atalik luzeena haizagailuak baimentzearen balizko eragozpenen azterketarena da, eta irakur daitekeenez, ondorio negatiboak ugariak eta pisuzkoak lirateke. Esaterako:

Zuzendaritzaren arabera, haizagailuak baimentzeak espetxe segurtasuna kaltetuko luke: “kontrol beharra” duten elementuen kopurua biderkatuko luke, espetxeak ziurtatu beharko bailuke haizagailuei ez zaiela “erabilera desegokia” ematen (“substantzia debekatuen ezkutaketa”, zehaztu du). Kontrol hori burutzeko “zailtasunak” lituzke espetxeak, “etxetresna elektrikoaren ezaugarriengatik” eta “giza baliabideen eskasiagatik”.

Presoen artean gatazka iturri ere izan daitezke haizagailuak: gailuaren onura (“eskasa”, onuren atalean jaso bezala) harekin kontaktu zuzena duen presoak soilik jasoko luke, eta haren ziegakideak, kontrara, “kalteak”; izan ere, haizagailuaren motorrak “zarata sortzen du, eta beroa zabaltzen”.

Ingurumena eta beroaldiak

Ingurumenaren zaintzak ere gomendatzen du haizagailuen debekua, espetxearen arabera: erabilera orokortuak “espetxearen energia kontsumoa modu esanguratsuan areagotuko luke”, eta hori “energia aurreztera eta ingurumen-jasangarritasunean kontzientziatzera bideratutako estrategiekin kontraesanean” dago. Presoek salatu dute, ordea, haiei haizagailuak debekatu baina espetxe zainentzako aire egokitua jarri duela espetxeak, jasangarritasunaren aldetik nabarmen kaltegarriagoa dena.

Iragan udan ere beroaldiak izan ziren Araban, eta aurtengoak ugariagoak eta muturrekoagoak izaten ari dira. Adituen arabera, egoera are gehiago okertuko da hurrengo urteetan. Espetxeak, ordea, 2025eko azaroko txostenean argudiatutako debekuari eusten dio.


Espetxe baldintzak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...