Kneecap
Non: Santana 27n (Bilbo).
Noiz: ekainaren 8an.
-----------------------
Bolueta industrialdeko crossfiteroak harriduraz begira daude errepide bazterrean pilatzen doan jende multzoari, zerbeza latak eskuan dituztela. “Barkatu, baina zer dago gaur, astelehen batean?” galdetzera ausartu da haietako bat. Nola azaldu Belfasteko talde bat dagoela gaur Santanan, haien buruak aurkezteko pelikula biografikoan jasotzen den guztiagatik, bereziki hip hop zaleak ez garenok ere sorgindu gintuena. Fenian bigarren albuma aurkezteko Europako biran direla hemen, aspaldi agortu zirela sarrera guztiak eta hargatik bildu garela adin eta tribu desberdinetako jendea –punkiak, txoniak, feministak, sozialistak, kulturetak, ezker abertzalekoak, rockero zaharrak eta haien tartekoak–. Eta hargatik direla, zerbeza laten psst-ekin batera aditzen diren hizkuntzak ere askotarikoak –euskara, gaztelera, galiziera, ingelesa, katalana, irlandera eta frantsesa, gutxienez–.
Crossfiteroen poker aurpegiak atzean utzi eta aretora sartu garenean, Ramallah Fawzi musikari palestinarrak egin digu harrera, oraindik aretoa betetzen ari dela. Eta 21:10ean heldu da abisua, Fontaines DCren Favourite abestiarekin: badatoz. Atzeko pantailan “Israel is committing genocide against Palestinian and Lebanese people. Take action.[Israel palestinarren eta libanoarren aurkako genozidioa egiten ari da. Aurre egin] Palestina askatu!” irakutzen dela, Éire go Deo introa jarri dute. Asmo deklarazio bat, Kneecap zer den, zergatik eta zertarako argi adierazten duena: “Aurrera egin dezagun elkarrekin iraultzarako bidean, ukabila airean irlandarrentzat, hizkuntza hitz egiten duten pertsonak behar ditugu, baina hori baino gehiago edo hori bezain beste, azpiegitura sozial bat eraiki behar dugu”.
Publikoaren “Palestina askatu!” oihuen artean, kaixo batekin agurtu gaitu Mo Charak, ondoan duela Móglaí Bap kaputxa eta txamarra goraino lotuta eta mahaiaren atzean DJ Próvaí, ohi duenez, Irlandako banderaren buruberokiarekin. Introaren osteko abestiarekin hasi dira eta… Listo. Hasi da ravea. Musika elektronikoaren azpigenero askotarikoen nahasketak bizitza propioa hartu digu bularraldean. Gehienetan ez dakigu zer esaten ari diren, irlandera eta ingelesa nahasten baitituzte letretan, baina pantailako irudiek, erritmoaren bulkadak eta eszenatokitik jaurtitzen duten jarrerak egiten dituzte itzulpen lanak. Ordu eta laurdenean, barrenak punpaka eta dantzatzeko lekurik apenas izanda ere, belaunaldi baten haserrea, memoria eta harrotasuna dantzatu ditugu Santanan.
Oinarri elektroniko astunen gainean madarikatu dituzte kolonialismoaren forma zaharberrituak, Polizia eta lana; eta aldarrikatu elkartasun internazionalista, hizkuntza gutxituak, herri zapalduen erresistentzia, festa eta umore probokatzailea. Eta kamisetak blai, bagoaz etxera, irlandera folkloretik atera eta rave batera eraman duen taldea zuzenean ikustearen ilusioarekin. Eta Belfastetik Boluetara joan-etorrian dabilen gogorarazpen batekin: ez ditugu astelehenak gorroto, mundu ordena hau baizik.