Etxea
Konpainia: AmaHiru.
antzezleak: Iñaki Cid, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi.
Egilea: Iñaki Cid.
Zuzendaritza: Jon Ander Alonso.
Noiz: apirilaren 12an.
Non: Juanba Berasategi auditorioan, Pasai Donibanen (Gipuzkoa).
-------------------------------
Itxaso, Sebas eta Pellok parez pare zabaldu dizkigute euren etxeko ateak, baita euren bizitzakoak ere. Zer da, bada, etxe bat bizitza eusten duen euskarria ez bada?
Arteak badu koiuntura entzun eta erantzuteko gaitasuna, eta beharra, eta AmaHiru konpainiak aukeraketa ona egin du denon ahotan dagoen gai bat taularatzeko hautua eginez: etxebizitza. Aktualitateko gaia, guztiok ukitzen gaituena eta berebizikoa. Obraren deskribapenak, gainera, aurrez kokatzen zaitu eroso, ikuspegi umoretsua ziurtatzen baitu estiloak. Hala eta guztiz ere, ez da gai nagusia, edo ez, behintzat, bakarra.
Izan daiteke biografia bat. Bi, esaterako: senarraren itzalpean bizi izan den emakumearena edota teilatupean bizitzeko ahaleginak eta bi egin behar dituen edozein pertsonarena. Iragana eta oraina; garai bateko eta besteko kezkak; bi bizitza erabat desberdin zimendu berean hazten; eta, era berean, beste hainbatenekin elkarbizitzen.
Pello da protagonista eta etxea eskuratzeko beharrak itota aurkeztuko zaigu. Ahalegin horrek iragarki absurdoak, buruhauste ugari eta eskaintza miserableak ekarriko dizkio, egun maukatzat saltzen direnak, portzierto. Halako batean, bizileku bilakatuko duen etxebizitzarekin egingo du topo eta, hala, bizimodu berriarekin: beste bi pisukide eta erdi ezagutuko ditu eta harremantzeko familia irudikatzeko modu berri bat. Izan ere, egileek arreta berezia jarri nahi izan diote zaintza eta harreman eredu berriei. Gai horiek guztiek zeharkatzen ditu etxebizitzak, espazio bat baino gehiago pertsonaren garapenerako beharrezko zimendua baita.
Eta nola uztartu zerikusirik ez duten bi istorio? Nola bi denbora tarte desberdin? Nola urteen igaroaldia? Nola beste istorio batean murgiltzea eta beti hankak lurrera ekartzea berriro? Nola mantentzea ikuslea adi? Bada, lilura handiz. Kasu honetan, arreta berezia jarri nahiko nioke testuari, sentsibilitate handiz idatzitako lana iruditu baitzait. Hamaika detailek egiten diote mentzio aurrez edo gero esandakoari, eta edertu egiten du proposamena. Literatura maite duenarentzat opariak dira. Era berean, metateatroa egiten dute, hainbat eta hainbatetan teatroan gaudela gogorarazita eta euren buruari buruzko komentarioak eginda.
AmaHiru konpainiaren lehen lan luze honek bidea ere tamainakoa dakarkiela esango nuke. Izaera propioa eta ilusioa dauzkate, eta aktoreen energiak indarra eta ilusioa transmititzen du. Espazioa eta elementuen erabilera ez klasikoak, gainera, ikuslea hezten du antzerkiaren lengoaian eta antzezteko grina pizten dio, ez dizut gezurrik esango.