“Ez dago desintoxikaziorako baliabide sozialik zuretzat, ez dago osasun mentaleko baliabiderik zuretzat, baina kartzelan beti duzu lekua”

  • Apirilaren 10ean pertsona preso bat hil zen Arabako Zaballa espetxean. Martxoan bi hil ziren Iruñea eta Baionakoetan. Otsailaren 5ean beste preso bat topatu zuten hilik Zaballan: ordu batzuk lehenago arreta medikua eskatzen egon zen ordu batzuk lehenago, baina itxaroteko esan zioten. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko kartzeletan 11 preso hil dira 2021ean Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik. Ez dira kasu isolatuak, arrazoiak egiturazkoak dira. Hamarkadak daramatza hori salatzen Salhaketa Araba elkarteak. Elkarteko abokatu Marta Aldanondorekin hitz egin dugu Zaballako azken bi heriotzez eta euskal espetxeen egoeraz.

Jon Hidalgo Gereñu

2026ko apirilaren 20an - 07:10
Azken eguneraketa: 09:52
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Has gaitezen espetxean hildako azken pertsonarekin. Zer informazio duzue heriotzari buruz?

Ez dakigu hedabideetan argitaratu den informazioa baino askoz gehiago. Laudioko mutil bat zen, gaztea, ez dakigu zehazki zenbat urte zituen. Heriotzaren arrazoia gaindosia izan daitekeela diote, baina behin betiko autopsiaren txostenik ezean, ezin da zehaztu.

Ez gaude prozeduran, familia oraingoz ez delako gurekin harremanetan jarri, baina informazioa iritsi zaigu aitaren familia inguruko beste pertsona batzuen bitartez. Badirudi zerbait mugitzeko gogoa dutela, baina oraingoz ez dago ezer zehatzik. Azaldu digute, baita ere, astelehenean aterako zela espetxetik, eta horregatik oso arraroa egiten zitzaiela balizko gaindosiarena.

Aiaraldea komunikabideak larunbatean (apirilak 11) hitz egin zuen familiarekin. Azaldu zuten espetxetik deitu zietela ostiralean, 10:00etan, heriotzaren berri emateko, eta kexatu ziren ez zietela azalpenik eman, eta 24 ordu baino gehiago igaro ondoren ez zutela gorpua ikusi ere egin. Heriotza bakoitzean errepikatzen diren kexak dira.

Bai, normalean horrela izaten da. Senideak kexatzen dira tratua oso hotza delako, ez dietelako inongo informaziorik ematen: hil egin dela, ehorztetxea beraiekin harremanetan jarriko dela ehorzketa, errausketa edo dena delakoa egiteko, eta kito.

Eusko Jaurlaritzaren txosten batek dio otsailaren 5ean hil zen presoari zerbitzuburuak eta zerbitzu medikuek ez ziotela eman arreta behar den azkartasunez

Otsailaren 5ean beste preso bat hil zen Zaballan. Salhaketa Arabatik salatu zenuten presoak arreta medikoa eskatu zuela, itxaroteko esan ziotela eta ordu batzuen buruan hil zela. Kasu honetan Salhaketa prozeduran aurkeztu da, informazio berririk ba al duzue?

Zain gaude. Kameren kopia bat eskatu dugu, epaitegiak beharrezko frogatzat jo du eta irudiak eskatu ditu, baina oraingoz ez dira iritsi.

Baina iritsi da Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren txosten bat, onartzen duena zerbitzuburuak ez zuela eman larrialdi-kasu batek eskatzen duen arreta azkarra. Eta jasotzen du ere zerbitzu medikoak gehiegi luzatu zirela presoa artatzera joateko abisua eman zitzaienetik.

Ez da ohikoa Eusko Jaurlaritzak horrelako adierazpenak egitea, ezta?

Ez da. Egia da azkenaldian Eusko Jaurlaritza txostenak egiten ari dela heriotza kasuetan, baina ezagutzen dugunaren arabera –ez baikaude kasu guztietan pertsonatuta– orain arte ez da informazio garrantzitsurik eman. Kasu honetan, ordea, bai, beraz, hor jarraituko dugu ea kameren irudiak iristen diren. Zeren eta, jakina, Jaurlaritzaren txostena egiten duen arduradunak kameretako irudiak ikusi ditu, gertatu dena ikusi du.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko kartzeletan 11 preso hil dira 2021eko urrian Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik. Zerbait aldatu al da egoera? Zuen komunikatuak irakurri eta salatzen dituzuen gabeziak eta egiten dituzuen eskaerak errepikatzen direla ikusten dut...

Beno, aurrerapen txikiak daude suizidioen aurkako edo gaindosien prebentziorako ezarpenean, desintoxikazio tratamenduan dauden pertsonen jarraipena zertxobait handiagoa da... Baina ez da nahikoa. Ez da nahikoa baliabide jartzen jendea artatzeko.

Eta zer egin beharko litzateke?

Kartzelari dagokionez, gai horietan profesional gehiago jartzea lanean. Baina arazoa aurretikoa da: badirudi jende askorentzat errekurtso sozial bakarra kartzela dela. Patologia duala [kontsumoak eta gaixotasun mentala] duten pertsonek beste baliabide batzuetan sarbidea izan beharko lukete, eta ez dute. Ez dago desintoxikaziorako baliabide sozialik zuretzat, ez dago osasun mentaleko baliabiderik zuretzat, baina kartzelan beti duzu lekua.

"Baliabide eza ez sinestekoa da. Preso batzuk kexu dira okerrera egin duten eguneroko kontuez"

2021ean, Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena jaso zuen, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, espetxeetako osasun arloko eskumena. Ia bost urte igaro dira. Zer balorazio egiten duzue, oro har?

Gauza positibo gisa, administrazioa pixka bat hurbilago dago, eta horrek komunikazioa errazten du batzuetan. Salhaketa beti izan da elkarte deserosoa espetxe-administrazioarentzat, hala izaten jarraitzen dugu, baina egia da orain komunikazioa pixka bat errazagoa dela. Errazagoa da norbaitek telefonoa hartzea, gauza batzuei erantzutea.

Baina baliabide eza ez sinestekoa da. Preso batzuk kexu dira okerrera egin duten eguneroko kontuez. Adibidez, transferentziak onartu zirenetik ez dago presoentzako instantzia-eredurik. Kaleko pertsona batentzat txorakeria eman dezake, baina oso garrantzitsua da, kartzelan dena idatziz eskatu behar da. Edo hilero preso bakoitzari ematen diote higiene-lotea, orain agian ez dute banantzen hilaren amaierara arte, aurretik hasieran banatzen zutenean. Eguneroko gauza askok ez dute funtzionatzen.
Gu asko kezkatzen gaituen gauza bat Aukeraren egoera da. Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, teorian espetxe barruan dauden tailer ordainduak edo lan-prestakuntza kudeatzeko. Jendearentzat oso beharrezkoa iruditzen zaigu, oso erabilgarria izan daiteke, eta, hala ere, ez da ezer egin.

Balorazioa ez da oso positiboa, hortaz.

Badirudi Jaurlaritzak transferentzia hori bere gain hartu duela marroia bat-batean zerutik erori balitzaio bezala. Agerikoa da gauza batzuk ez zituztela aurreikusita.

Baina Eusko Jaurlaritzak urteak zeramatzan hori eskatzen.

Bai, bai, baina aurreikuspen falta izugarria izan dela iruditzen zaigu. Ikusi besterik ez dago nor den gaur egun Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako espetxe administrazioaren arduraduna: Jaurlaritzak eskumena hartu aurretik, estatuko administraziopean, Zaballako Tratamendu zuzendariordea zen pertsona bera. Badirudi Eusko Jaurlaritzak ez duela kudeaketa bere gain hartu nahi duen jenderik.


Espetxe baldintzak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.