argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak begia larri zauritu dion gaztearen aita
"Ez da bidezkoa, hamasei urte ditu; bada garaia gauzak aldatzeko eta asko gainera"
  • Villabonako Berdura plaza bete dute herritarrek otsailaren 13 iluntzean, Tolosako inauterietan Ertzaintzak gazte bati begia larri zauritu ziola salatzeko. Bere aitak azaldu ditu begian dituen lesio larriak eta Ertzaintzaren jokabidearekiko haserrea plazaratu du: "Ez da bidezkoa. Hamasei urte ditu. Beste erreminta batzuk badituzte aktuazioak egiteko. Bada garaia gauzak aldatzeko, eta asko gainera". Bildutako herritarren izenean hitza hartu du beste pertsona batek eta "animoa, maitasuna eta babesa" helarazi dizkie zaurituari, honen lagunei eta familiari. Eskaera zehatz hau egin du: "Lehenbailehen azalpen publiko argiak eman ditzatela arduradunek. Kargaren agindua emateko ardura nork izan zuen argitu eta neurriak hartzea". Larunbatean Tolosan mobilizazioa egingo dutela iragarri du.

ARGIA @argia 2024ko otsailaren 14a

Tolosako inauterietan igande gauean Ertzaintzak kargatu egin zuen Alde Zaharrean eta Villabonako 16 urteko gazte bat larri zauritu zuen begian. Gertaeren irakurraldi jendetsua egin dute Villabonan astearte iluntzean. Lehenik, gaztearen aitak hartu du hitza eta semearen begiaren osasun egoera zertan den azaldu du: "Begian lesio edo kolpe handia dauka eta horrek izango duen eragina baloratzen ari dira. Berez gaur ebakuntza egin behar zioten baina ezin izan da, begia oso puztuta daukalako. 12-15 puntu ditu betazalean eta bekainean, erretina mugituta dauka alde batera eta jasotako jaurtikariaren kolpeak eragin dio begi barrenean dagoen malko-hodia puskatu egin diotela eta hori ez da erabat berreskuratuko. Ebakuntzatik ateratzean ikusiko da ea zer ondorio izan ditzakeen ikusmenean".

Ondoren adierazpen hauek egin ditu gertatutakoa salatuz: "Nahikoa da. Herriko festa batzuetan, jendea jai giroan ospatzen ari denean, uniformedun batzuk sartzen dira eta kargatu egiten dute. Ikusi da horrek zer ondorio izan ditzakeen. Nire haserrea adierazi nahi dut, behingoz istorio hau amaitu dadin". Mahai gainera atera ditu Ertzaintzak jaurtikitzen dituen foam objektuak: "Hauek dira Ertzaintzak Tolosan erabili zituen jaurtikariak. Horietako bat da nire semeari begian jo ziona. Ez da bidezkoa. Hamasei urte ditu. Beste erreminta batzuk badituzte aktuazioak egiteko. Bada garaia gauzak aldatzeko, eta asko gainera".

Ardurak argitzea eta neurriak hartzea eskatu dute herritarrek

Gazteari "herri oso baten animoa, maitasuna eta babesa" adierazi dizkio plazan bildutakoen izenean hitza hartu duen villabonarrak. Ertzaintzaren "indarkeria neurrigabea" salatu du: "Entzun dugun aitzakia bakarra, liskar bati amaiera eman nahi ziotela izan da. Herri honek ondotxo daki zer den Ertzaintzaren biolentzia jasatea. Garaia da aski dela, nahikoa dela esateko. Nazkatuta gaude. Ez dute eskubiderik erabiltzen dituzten metodoekin guztion bizitzak arriskuan jartzeko". Eta eskaera zehatz hau egin die arduradunei: "Lehenbailehen azalpen publiko argiak ematea. Kargaren agindua emateko ardura nork izan zuen argitu eta neurriak hartzea".

Larunbata honetan, otsailak 17, Tolosako Triangulo plazan 12:00etan egingo duten mobilizazioan parte hartzera deitu dute euskal jendeartea.