Justizia Anderrentzat plataformak deituta, 11.000 lagun inguru batu dira larunbat goizean Santurtziko (Bizkaia) kaleetan. Amaiera ekitaldi hunkigarrian aldarrikatu dute erantzukizun politiko, polizial eta mediatikoak argitzea, Anderren izena garbitzea, Poliziaren indarkeriaren biktima gisa izendatzea, taser pistolak debekatzea eta Anderren heriotzan zerikusia izan zuten udaltzainak kargutik kentzea.
Usaindu zitekeen urriaren 3ko Santurtziko manifestazioa jendetsua izango zela, Ander S.T gaztea Santurtziko udaltzaingoen tratuagatik hil eta gero, bere kasuak harrabotsa sortu baitu euskal gizartean; batez ere plataformak udaltzainek emandako tratua erakusten duen bideoa zabaldu zuenetik, eta Hondarribiko (Gipuzkoa) udaltzainek Babacar Welle tiroz hil ondoren. Espero zitekeen, beraz, baina nekez aurreikusiko zuen Justizia Anderrentzat plataformak horrelako jende olderik: azken urteetan Bizkaiko Ezkerraldean ikusi den manifestazio jendetsuena dela ere zabaldu dute zenbait hedabidek, 11.000 lagunen langa gaindituta. Euskal Herri osotik heldutako herritarren ahotan entzun dira Anderren aldeko eta Poliziaren indarkeriaren aurkako garrasiak.
Kabiezesko plazak abiapuntua jarrita, Joxe Migel Barandiaran kalea luze-zabalean hartu zuen jendetzak: asko eta asko Anderren aurpegia zuten kamiseta zuriak soinean zirela. Justizia Anderrentzat, plataformari eta aldarriari izena ematen dion leloa beste entzun zitezkeen Santurtziko Udaltzaingoaren zein Udalaren jarrera salatzen zutenak. Izan ere, plataformak ekainetik hona egin duen lanean uneoro salatu du Udaltzaingoaren jarrera, Ander hil ondoren ateratako komunikatuan “gaizkile” gisa definitu baitzuten Ander, gizon bat jotzera zihoalako esku hartu zutela argudiatuta. Santurtziko Udalak babestu egin zituen udaltzainak hasieratik, euren bertsioa berretsi eta babestu zuen komunikatu bidez; plataformak zabaldutako bideoa ikustean, ordea, Poliziaren esku hartzea justifikatzea “oso zaila” dela esan du publikoki udalak.
Horixe izan da, hain zuzen ere, amaiera ekitaldian egin duten lehen aldarria. Tonu oso hunkigarrian aritu dira plataformako kideak, Anderren lagunak, aita eta Ander eta aita kide diren Santurtziko Futbol Taldeko kideak. Guztiek defendatu dute orduko bertsioan gezurra esan zutela udaltzainek eta udalak, eta sindikatu polizialen komunikatu “lotsagarriak” irakurri behar izan dituztela salatu dute. Horregatik, Anderren izena garbitzea izan da lehen aldarria. Baina ez bakarra.
Justizia Anderrentzat eskatu dute, baina baita bere hilketaren erantzuleentzat ere. Bere kasua argitzearekin batera, erantzuleek ordaindu behar dutela ere aldarrikatu dute: politikoki, polizialki zein mediatikoki, lehen bertsioa zabaldu zuten hedabideak ere izan baitituzte gogoan. Eta horrekin batera, Anderri Polizia indarkeriaren biktima izendapena onartzea ere eskatu dute.
Zaintzaren aldeko pankarta ere ikusi zitekeen ibilbidean zehar. Zaintza, erdigunera; Polizia, bazterretara zioen pankartak buruko osasunari egiten zion bereziki aipamena, 2026an Polizia indarren eskutan gertatutako bi heriotzak, Anderrena eta Babacarrena, buruko osasunari lotuak egon baitira. Buruko osasuna jazarri ez, zaindu egin behar dela azpimarratzen zuen pankartak; bi kasuetan, ordea, Poliziak bortizki jo du euren aurka.
"Indarkeria sistematikoa, inpunitate osoa"
Astebete eskas ere ez da igaro Hondarribiko udaltzain batek Babacar Welle tiroz hil zuenetik eta haren aurka erabilitako indarkeriaren samina nabaritu da manifestarien artean. Bere omenezko pankartak izan dira Santurtzi parkean, amaiera ekitaldian egon diren milaka begi pareen bistara. Eta aldarri horiek heldu dira belarrietara ere, plataformako kideek “Poliziaren indarkeria sistematikoa” salatu dutenean izan baitituzte gogoan Welle eta Iñigo Cabacas; azken horren gurasoak izan dira Santurtziko manifestazioan, eta bertaratutakoen beroa jaso dute.
Manifestazioaren ibilbideak izan du, gainera, horretan sakontzeko asmoa. Santurtziko Udaltzaingoaren komisaria aurretik igarotako momentua izan da, zalantzarik barik, tentsio handiena sortu duena, manifestariek garrasi ozenenenak egin dituzten momentua. Anderren aurpegia zuten ehunka afixa fatxadan, udaltzainik ez kalean.
Ordu eta erdiko ibilbidearen ostean, eta hizlarien berben ostean, Anderren aurpegidun kamisetak soinean, agurra dantzatu diote, eta sortutako “elkartasun olatua” eskertu.