Ipar Euskal Herriko herritarrek heriotza lagundua jasotzeko eskubidea izango dute. Bost baldintza bete beharko dira jaso ahal izateko: frantses herritartasuna ukatea; adin nagusikoa izatea; heriotza-pronostikoa fase aurreratuan edo terminalean jartzen duen eritasun larri eta sendaezina izatea; sufrimendu fisiko edo psikologikoak izatea; eta, azkenik, heriotzaren egunean produktu hilgarriaren nahia berresteko gai izatea. Oraindik Konstituzio Kontseiluaren oniritzia eskas da Ipar Euskal Herriko herritarrek ere eutanasiaren eskubidea jaso ahal izateko.
Heriotza lagundurako lege proposamenaren alde egin du Frantziako Legebiltzarrak asteazken honetan, aldeko 291 botorekin, kontrako 241 botorekin eta 29 abstentziorekin. Oro har, ezkerrak eta zentroak alde bozkatu dute eta eskuinak zein eskuin muturrak kontra. Olivier Falorni zentristak eraman du legea, "testu orekatu" gisa aurkeztuta: "Erdibidea da, ez aldekoen eta kontrakoen artekoa, horiek ez baitira uztargarriak, baizik eta aldeko iritzien ñabardura ezberdinen artekoa". Nagusiki, aurkako posturak eztitzeko gisan, "eutanasia" terminoa ez da ageri legean, baina finean, emaitza bera da.
Bost baldintza zorrotz bete beharko dira eskubidea jaso ahal izateko: frantses herritartasuna ukatea; adin nagusikoa izatea; eritasun larri eta sendaezina izatea fase aurreratuan edo terminalean –hau da, "gaixoaren osasun-egoerak okerrera egin eta gaixoaren bizi-kalitateari eragiten dion prozesu itzulezinean sartua izatea"–; horri lotutako sufrimendu fisiko edo psikologikoak izatea; eta azkenik, produktu hilgarria ematen den egunean aukera hori berresteko gai izatea.
Hiltzeko laguntza nahi duen herritarrak mediku bati egin beharko dio eskaera. Hitzorduan, profesionalak prozeduraren nondik norakoak azalduko dizkio, eta gainerako tratamendu- eta laguntza-aukeren berri emanen dio. Ziurtatu behar du pazienteak, nahi izanez gero, arta aringarriak eta jarraipen psikologikoa edo psikiatrikoa izan ditzakeela. Medikuak argi utziko dio eriari "edozein unetan uko egin diezaiokeela bere eskaerari". Hori eginda, hiltzeko laguntza eskatu nahi duenak idatziz formalizatu beharko du bere nahia, edo ezinean, bere gaitasunetara egokitutako beste adierazpide baten bidez.
Eskaera berretsitakoan, modu kolegiatuan hartu beharko du erabakia medikuak. Osatutako taldean, gutxienez, bigarren mediku bat egon beharko da –gaixoaren patologian aditua dena, baina gaixoaren segipenean presente egon ez dena–, baita mediku laguntzaile bat (erizaina, fisioterapeuta...) edota zaintzaile laguntzaile bat. Beste profesional batzuk ere gonbidatzen ahalko dira bileretara, hala nola gaixoaren psikologoa, etxez etxeko laguntzailea edo bere zahar etxeko langile bat. Babes juridikoa duen pertsona baten kasuan, gaixoaren ardura duen pertsonak bere oharrak egin beharko ditu, eta, eriak hala eskatzen badu, gertuko pertsona bat bertan izaten ahalko da.
Profesional taldeak hamabost eguneko tartea izanen du erabakitzeko. Errefusatuz gero, eriak administrazio-justiziara jotzen ahalko du, aldeko ebazpena lortzen saiatzeko edo beste profesional baten aitzinean eskaera berria egiteko. Eskaera onartua denean, pazienteak gutxienez bi eguneko hausnarketa-epea izanen du, berriro bere nahia baieztatzeko. Heriotza laguntzaren eskaera berretsi ondoren, profesionalak substantzia hilgarria bideratuko dio, azken nondik norakoak gaixoarekin adostuta. Tokia gaixoak erabakiko du, medikuaren adostasunarekin: bere etxean, hurbileko baten etxean, ospitalean edo osasun-profesionalek jarduten duten beste edozein egituratan egin ahalko du. Bertaratzen ahalko da hiltzera doanak gonbidatu duen pertsona oro. Hiltzeko unea ere eriak finkatuko du. Medikuaren oniritzitik hiru hilabete igaro baino lehen gertatu behar du. Produktua pertsonak berak jarri beharko dio bere buruari, baina "fisikoki hori egiteko gai ez denean" zaintzaileari bideratuko zaio urratsa. Azken unera arte, uko egiteko eta prozedura atzeratzea edo bukatzea eskatzeko aukera izanen du eriak.
Profesionalak ez baldin badu hiltzeko laguntza eskaera bere gain hartu, orduan errefusatzeko eskubidea izango du, kontzientzia-klausula baliarazita. Kasu horretan, "berehala" jakinarazi beharko dio eskaera egin dion pazienteari edota medikuari, ardura hartzeko prest dauden profesionalen izenak jakinarazita.
"Testu hau eskubide bat da, testu hau aukera bat da", azaldu du Gizarte Gaietarako Batzordeko txostengile Brigitte Liso diputatu zentristak, "eskubide bat gaixoarentzat, aukera bat medikuarentzat". Bozketa egunean legebiltzarrean izan dira aurkakoak zein aldekoak. Hurbiletik segitu dute, adibidez, Duintasunean Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteko kideek. 1980an sortu zuten elkartea, eta urtez urte aritu dira aldarrikapena plazaratzen. "Legea bozkatu izanarekin ez da gelditzen gurea, legea betetzen dela bermatzearen alde segituko dugu", adierazi dute, pozik. Eskubideak bidean kausitu ohi dituen trabak kontuan hartuta, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren oniritziari begira ere dira, doi bat kezkaturik.
Hain justu, Senatuko presidente Gérard Larcherrek eta Lehen ministro Sebastien Lecornuk helegitea jarrita dute, Larcherrek azaldutakoari segi, gobernuak ez dituelako beraien emendakinak kontuan hartu. Kontseiluak, gehienez ere, hilabeteko epea izanen du testua berrikusteko, eta atzera botzeko bideak ere hor jarraitzen du.
2024ko ekaineko legebiltzarraren desegiteak bide legegilea gelditurik, bitan zatitu zuten gobernuaren lege proiektua, batetik, arta aringarriei buruzko testua bozkatuta, eta bestetik, hiltzeko laguntzari buruzkoa.
Bidea luzea izan da. Duela lau urte, 2022ko irailean CCNE Etikako Aholku Batzorde Nazionalak heriotza lagunduari buruzko bere iritzia plazaratu zuen, horren alde eman beharreko hainbat urrats gomendatuta. 2023ko apirilean hainbat herritarren artean Herritarren Hitzarmena osatu zuten, eta bederatzi saiotan eta 27 lanegunetan bilduta, herritarrez osaturiko batzar horrek heriotza lagunduaren alde zein aurka ziren 60 lagun baino gehiago elkarrizketatu zituen –medikuak, zaintzaileak, filosofoak, pazienteak, ordezkari erlijiosoak, juristak–. Hortik atera zuten beraien iritzia: heriotza lagunduaren alde kokatu ziren kideen %75,6. Legebiltzarrean eta senatuan, bakoitzean hiru irakurketa egin ondoren –senatariak beti kontra, eta diputatuak beti alde–, azkenean abian da heriotza lagundurako legea.