Hamar ordezkari lortu zituen 2022ko hauteskundeetan Euspelek eta orain hogei lortu ditu. Kaltetu handiena Erne sindikatua izanda, azken hogei urteetan nagusi izan dena, 22 ordezkari zituen eta 15ean gelditu da.
Euspelek 1.732 boto lortu ditu (20 ordezkari), Esan sindikatua izan da bigarren indarra, beste 20 ordezkarirekin –Euspelek baino 67 boto gutxiago– eta hirugarren indarra Erne izan da, 1.280 boto eta 15 ordezkarirekin. Laugarren postua SiPEk erdietsi du, 354 botorekin eta lau delegaturekin. Lau ziren orain arte ELAk zituen ordezkariak eta bakarrarekin gelditu da orain.
Datu esanguratsuenak, beraz, Euspel sindikatuaren gorakada oso handia eta Erneren beherakada handia izan dira. Joera bat argi nabarmentzen ari da, beraz, Ertzaintzaren ordezkaritza sindikalean. Sorreran eta lehen hamarkadetan klase sindikatuak ziren nagusi, hala nola, ELA, CCOO eta UGT, baina azken biak aspaldi desagertu ziren Ertzaintzaren ordezkaritza sindikaletik eta ELA ere desagertzekotan da, ostegun honetako emaitzak erakusten duten moduan.
Klase sindikatuen lekukoa hartu zuten sindikatu korporatiboek, bereziki Ernek. Alabaina, 2023an sortutako Ertzainak borrokan mugimenduak erakutsi zuen aldaketa gehiago ari zirela egosten Ertzaintzan, eta Euspel eta SiPE moduko sindikatuak indartzen ari zirela. Sasoi horretan Ertzainak borrokan-ek mehatxu egin zuon uztailaren 1ean Frantziako Tourra Bilbotik ateratzean greba egingo zutela, beren lan aldarrikapenak kontuan hartzen ez baziren.
Mugimendu horrek mobilizazio handiak egin zituen, milaka ertzainen manifestazioa eginda edota garraio publikoa trabatuta kotxe ilara handiekin edo Gasteizen tranbia etenda. Azken honetan, esaterako, mobilizazio hori zaintzen ari ziren ertzainek ez zituzten identifikatu ere egin tranbiaren martxa eten zuten haien lankideak. Kontrastea oso agerikoa izan zen beste langile batzuen mobilizazioetan gertatzen denarekin. Besteak beste, 1.100 euroko soldata igoera eskatzen zuten mobilizazio horietan.
Bada, orain ikusten da mobilizazio haien onurak batez ere Euspel sindikatuak jaso dituela. Ikusten da ere, Frantzia edota Espainiako polizietan gertatzen ari den moduan, klase sindikatuen desagerpena eta ertzainen babesa edozeren gainetik bultzatzen duten sindikatuen sorrera indartzen ari dena, guztia polizia eredu autoritarioago baten alde. Sindikatu mota honek, adibidez, lan baldintzen hobetzeaz gain, babes ekonomikoa eta juridiko handia eskaintzen diete beren afiliatuek izan ditzaketen neurri diziplinarioen aurrean.
7.482 ertzainek izan dute boto eskubidea: Bizkaian 3.898k (23 ordezkari), Gipuzkoan 2.128k (20 ordezkari eta Araban 1.456k (17 ordezkari).