argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, uztailaren 12 edo 19an?
  • Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Legebiltzarreko ordezkari politikoekin egin du bilera, eta hauteskundeak egiteko aurkeztu dituen bi eszenatokiez mintzatu dira: uztaila edo iraila-urria. Lehendakariak uztailean egiteko erabakia dagoeneko hartua duela uste du oposizioak, eta alarma egoeran hauteskundeak deituz gero auzitara joko duela iragarri du Liga Foralistak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 14a

Hiru dokumentu aurkeztu dizkie alderdiei lehendakariak: Osasun Sailaren txostena, txosten juridikoa eta hauteskundeak egiteko hartu beharko liratekeen segurtasun neurriei buruzkoa. Aurreikuspena datozen hilabeteetan pandemia murriztea dela eta hauteskundeak uztailean egiteko aukera dagoela adierazi du Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak, bileraren ostean. Uztailaren 12a eta 19a izan daitezke data posibleak, eta bozeramaileak azpimarratu du orain dela unea uztailean hauteskundeak egitea aztertzeko, pandemiaren bilakaerak atzera egingo balu, aukera alternatiboa litzatekeelako iraila-urrian egitea. Legealdia urriaren 25ean amaituko da.

Pandemia kontrolatzeko bermea, botoa eskubidea duen herritar orok eman ahal izateko bermea, eta kanpainaren eta hauteskunde-egunaren segurtasuna bermatuko dituen plana jarri ditu baldintza gisa lehendakariak, hauteskundeak aurrera ateratzeko.

Eusko Jaurlaritzaren helburua Legebiltzarra lehenbailehen eratzea dela argi utzi du Erkorekak, baina gaineratu du lehendakariak alderdien iritzia entzun duela eta orain erabakia hartuko duela.

“Eszenifikazio hutsa”

Uztailean hauteskundeak egitearen kontra daude alderdi gehienak. Bilera “eszenifikazio hutsa” izan dela adierazi du Arnaldo Otegik (EH Bildu), erabakia hartuta dagoela dagoeneko. EH Bildu uztailean hauteskundeak egitearen kontra dago: “Arduragabekeria izugarria da, jendea ez baita hauteskundeetan pentsatzen ari”. Miren Gorrotxategirentzat (Elkarrekin Podemos) ere, “ez da hauteskundeei buruz eztabaidatzeko unea”. Bozak uztailean egingo diren zalantzarik ez du Carlos Iturgaizek (PP-Ciudadanos) eta EAJrekin batera gobernatzen duen PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak adierazi du hauteskundeak “berme sanitario eta demokratiko guztiekin” egitearen alde dagoela.

Auzitara

Liga Foralista alderdiak adierazi du hauteskundeak alarma egoeran gauden bitartean deitzen badira, auzitara joko duela, ezinezkoa iritzi diolako ez kanpaina ez hauteskunde eguna normaltasunez eta behar diren bermeekin egitea.