argia.eus
INPRIMATU
Torturaren Biktimak Babesteko Egunak talde parlamentario guztien babesa izan du Gasteizen
  • Talde parlamentario guztien babesarekin, osteguneko osoko bilkuran aurrera atera da Elkarrekin-Podemoseko Pili Zabalak Eusko Lergebiltzarrean aurkezturiko legez besteko proposamena. Alderdi Popularreko bozeramaileak baina, berriz ere ukatu du Euskal Herrian tortura izan denik, eta salaketak polizia-indarren "izena zikintzeko" erabiltzen direla esan du. Torturaren Biktimak Babesteko Eguna ekainaren 26an ospatzen da eta datorren urtean izango da lehen ekitaldi instituzionala EAEn.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 20a
Pili Zabala, Elkarrkein-Podemoseko kidea, legez besteko proposamena aurkezteko unean (Argazkia: Elkarrekin-Podemos)

Aho batez hartutako erabakia izan bada ere, PPren "hipokrisia" salatu du EH Bilduk. Popularren bozeramaile Carmelo Barriok ekimenari baiezkoa emango diotela azaldu du "onargarria" iruditzen zaielako, tortura delitu gisa "gure ordenamendu juridikoak" debekatu egiten duelako. Aitzitik, nazioarteko tortura kasuei egin die erreferentzia, ez Euskal Herrian gertatu direnei, eta bertoko salaketak polizia-indarren "izena zikintzeko" erabiltzen direla esan du, berriz ere salaketa faltsuen argudioari eutsiz; poliziengan "konfidantza osoa" dutela gaineratu du politikariak.

Nolanahi ere, legez besteko proposamena aurrera atera da eta Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarraren mandatua dauka datorren urteko ekainaren 26an torturaren biktimak aitortu eta babesteko, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako egunarekin batera. Ekitaldi bat antolatuko du exekutiboak horretarako.

Talde parlamentarioen babesaz gain, hainbat eragile esanguratsuk ere agertu dute euren adostasuna ekimenarekin. Hala, Arartekoa, Foro Soziala, torturen biktimak eta sindikatu askotako ordezkariak izan dira Gasteizen.