2023ko uztailean aurkeztu zuen helegitea, eta sei hilabetez Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak izan ondoren, ez dira akordio batera iritsi, eta Eusko Jaurlaritzak adierazi du “helegitea jartzera behartu” dituztela. Eskumenak urratzea argudiatu du Jaurlaritzak. EH Bilduk “oso larritzat” jo du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuko Etxebizitza Legeari jarritako helegitea.
Eusko Jaurlaritzak inkonstituzionaltasun helegitea aurkeztu du Espainiako Estatuko Etxebizitza Legearen aurka, eta zazpi artikulu eta lau xedapen baliogabetzeko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari.
Jaurlaritzak eskatu du “euskal eskumenak onartzea eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaz bere politikak egiteko duen eremua ez hartzea”. Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza Legea, 2015ekoa, lehenestea eskatu du.
Helegitea EAJk babestu du, ez aldiz, gobernu kontseiluko kide diren PSE-EEko hiru sailburuek. Sailburu horietako bat Iñaki Arriola da, hain zuzen ere, Etxebizitza sailburua. Espainiako Etxebizitza Lege berria 2023ko apirilean onartu zen Espainiako Gobernuko bi kideen (PSOE eta Sumar), eta ERC eta EH Bilduren botoekin. EAJk ezetz bozkatu zuen, “eskumenen inbasioa” argudiatuta.
Stop Etxegabetzeak plataformak, Jaurlaritzaren helegiteari dagokionez, esana zuen “eskumenen inbasioa” argudio moduan erabiltzea aitzakia besterik ez dela, hain zuzen, Espainiako Estatuko legearen asmoa etxebizitzen prezioak erregularizatzea delako eta jabe handiei eragingo dielako. 2023ko Espainiako Estatuko legeak, besteak beste, hainbat herri eta hiri tentsio handiko eremu izendatzeko aukera ematen du.
2023ko abenduan, EITB.eus-ek Etxebizitzaren Euskal Behatokiak etxebizitzen alokairuari eta tentsio handiko eremuei buruz egindako azterketaren berri eman zuen. Txostenaren arabera, EAEko 251 udalerrietatik 41ek eska dezakete tentsiopeko eremu izendatzea; kasu batzuetan, herri edo hiri osorako eta, beste batzuetan, barruti batzuetarako.
EH Bilduren balorazioa
Naiz.eus-ek jaso ditu EH Bilduren adierazpenak. Oihana Etxebarrietak azaldu du “harritu” dela hauteskundeetako aurrekanpainan hartutako erabakiagatik, eta adierazi du “gobernuaren zutabe batek beste zutabeari jarritako” helegitea dela, alegia, EAJk gobernu kide duen PSEri. “Gizarteari jarritako helegitea” dela ere adierazi du.
Galdera hau egin du Etxebarrietak: “Esaten ziguten ezin zutela EAEko Legea garatu estatuko legearen babes juridikorik gabe, eta orain ‘eskumenen inbasioaz’ hizketan ari dira. Zertan gara?”. EH Bilduk EAEko Etxebizitza Legea eta Espainiako Estatutakoa, biak, babestu ditu. EAJk, berriz, ez bata eta ez bestea.