Eusko Jaurlaritzak Donostian 5.000 etxebizitza publiko eraikitzeko protokoloa onartu du

  • Akordioak hainbat jarduketa eremu identifikatzen ditu, "epe labur-ertaineko garapenen eta hirigintza ibilbide ertain-luzeko jarduketen artean banatuak", Jaurlaritzaren hitzetan.


2026ko maiatzaren 14an - 12:37
Eusko Jaurlaritza
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Duela urtebete baino gehiago, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak akordioa egin zuten, Donostian 5.000 etxebizitza publiko baino gehiago eraikitzeko, eta hori bera jasotzen duen Jarduketa Protokolo Orokorra ezagutzera eman du astearte honetan (hilak 12) Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak.

Gobernu Kontseiluak onartu duen akordioaren arabera, etorkizunean, udal titulartasuneko hamar lursail lagako dizkio udalak Eusko Jaurlaritzari, “Gipuzkoako hiriburuko hainbat hirigintza eremutan 5.095 etxebizitza babestu eta belaunaldiarteko bizitoki garatzeko, alokairu eskuragarriko parke publikoa handitu dadin eta udalerrian dagoen bizitegi larrialdiari erantzun dakion”, Eusko Itxasok azaldu zuenez. “Eremu horien artean, Txomiñenea, Easoko Trenbide Zabaltza, Loiolako Kuartelak, Altzako Auditz Akular eta Martuteneko Antzita daude”, gaineratu zuen.

“Bereziki garrantzitsutzat” jo zuen akordioa Itxasok: “Hamabost urtean lehen aldiz, udala prest agertu da hamar eremu horietan lurzorua lagatzeko eta Eusko Jaurlaritzak erdi mailako klaseentzako eta langileentzako modalitate guztietako alokairuko etxebizitza babestuak sustatu ditzan ahalbidetzeko”.

Esku hartzeak

Akordioak hainbat jarduketa eremu identifikatzen ditu, “epe labur-ertaineko garapenen eta hirigintza ibilbide ertain-luzeko jarduketen artean banatuak”, Jaurlaritzaren hitzetan. Lehen multzoan, Jaurlaritzak azaldu duenez, “hiriko sei eremu zehatzetan 994 etxebizitza babestu eta zuzkidura apartamentu sustatzeko aukera aurreikusten da”: “Haietatik, 854 babes publikoko etxebizitzak izango dira —babes ofizialekoak eta etxebizitza tasatuak—, eta 140 zuzkidura apartamentuak. Jarduketarik garrantzitsuenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Txomin Enea II, 315 etxebizitza babesturekin (182 babes ofizialeko + 91 etxebizitza tasatu eta 42 bizitoki); Antzita, 387 etxebizitza babesturekin (294 babes ofizialeko + 93 etxebizitza tasatu); Jolastokieta, 169 etxebizitza babesturekin (80 babes ofizialeko + 89 etxebizitza tasatu); eta Eliseo Zelaiak, 98 zuzkidura bizitokirekin. Halaber, garapenak egingo dira Apostolutzan (8 babes ofizialeko + 8 etxebizitza tasatu) eta Rodilen (9 babes ofizialeko)”.

“Lehen aurreikuspen horri epe ertain eta luzeko jarduketen bigarren pakete bat gehitu behar zaio, protokoloaren potentzial osoa 5.095 etxebizitzara igoko duena”, nabarmendu du sailburuak: “Etorkizuneko eremu horietan 4.101 unitate babestu berri garatzeko aukera kalkulatu da, hain zuzen ere babes publikoko 3.921 etxebizitza eta 180 zuzkidura bizitoki. Edonola ere, eremu bakoitzean adierazitako guztizko kopurua eta tipologia gutxi gorabeherakoak dira, eta aldaketak izan ditzakete garatzeko dauden plangintza tresnen bidez”.

Aurreikusitako “garapen nagusiak” ere nabarmendu ditu Jaurlaritzak: “Auditz Akularrekoa, Altzan, aurreikusitako 2.354 etxebizitza babestu (1.726 babes ofizialeko + 628 etxebizitza tasatu) eta 50 bizitoki izango dituena; Loiolako Kuarteletakoa, 1.750 etxebizitzarekin (340 babes ofizialeko + 1.360 tasatu + 50 apartamentu); Easo-Amarako Trenbide Zabaltzakoa, 530 etxebizitzarekin (500 babes ofizialeko + 30 bizitoki); eta Sarruetakoa, beste 268 unitaterekin (218 babes ofizialeko + 50 bizitoki). Protokolo horrez gain, azpimarratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak Morlansen 160-180 zuzkidura-apartamentu —plangintza fasean (hirigintzako xehetasun-azterketa)— eta Loiolako Erriberan 83 (obrak urte honen amaieran hastea dago aurreikusita) eraikitzea erabaki duela”.


Hirigintza kanalean gehiago
2026ko ekainaren 3
Lurraldea eta arkitektura
Lorategiak

2026ko martxoaren 4
Lurraldea eta arkitektura
Denise Scott Brown

2026ko otsailaren 4
Lurraldea eta arkitektura
Kexak

2025eko azaroaren 5
Lurraldea eta arkitektura
Aukera bat da

2025eko urriaren 8
Lurraldea eta arkitektura
Argiztapena

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.