argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko lanposturako oposizioetan, euskaraz ez dakien epaimahaia
  • Hezkuntza arloko Nafarroako oposizioetan, euskarazko espezialitatean euskaraz arituko dira hautagaiak, baina epaimahaiko kide gehienek ez dakite euskaraz. Gobernuak argudiatu du funtzionario euskaldun nahikoa ez dituela, eta azpikontrataturiko itzultzaileak jarriko ditu bitartekari. Egoera salatu du STEILAS sindikatuak.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 15a

“Inork imajina dezake gaztelaniazko lanpostuetarako oposizio-epaimahai bat, gaztelaniaz ez dakiten kideez osatua? Edota izangaiek epaimahaikideen hizkuntza erabiltzea debekatuta duten oposizio bat?”. Euskaraz hala gertatu da, esku-hartze soziokomunitarioko espezialitatean. Epaimahaikide gehienek ez dakite euskaraz, eta hautagaiek ezingo dute gaztelaniaz aritu; itzultzaile eta interpreteen gain egongo da komunikatzeko erantzukizuna.

Gainera, Nafarroako Gobernuak itzultzaile eta interpreteak badituela baina “kostua merketzearren” lan hori enpresa pribatu bati esleitu diola kritikatu du sindikatuak. “Badakigu, ongi jakin ere, oro har itzulpen enpresek itzultzaileei eta interpreteei ezartzen dieten esplotazioa. Nolatan bermatuko zaie oposiziogileei itzulpen duina eta egokia?”.

Euskarazko espezialitate guztietan euskaldunez osatutako epaimahaiak bermatu daitezela eskatu du STEILASek.