argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko hezkuntza ereduak eskola porrota sustatzen du, EHUko katedradun Lopez Basagurenen iritziz
  • Katedradunak salatu du euskalduntzeak “eskola porrota” gazteen %30 ingurura ekarri duela, eta gaineratu du “gezur edo engainu batean oinarritutako” hezkuntza eredua eraiki dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 17a
Basaguren 2014ko hitzadi batean. Argazkia: PSE-EE

EHUko katedradun Alberto López Basagurenek Hizkuntzak eta eskubideak izeneko foroan iritzi kritikoak plazaratu ditu euskalduntzearen eta horren ondorioen inguruan. Iker Riojak Eldiario.es-en jaso duenez, katedradunaren arabera gazteen %30aren “eskola porrotarekin” lotura zuzena du hainbat arlotan euskara hizkuntza nagusi gisa sustatu izanagatik. Halaber, gaineratu du euskalduntzeak mugak sortzen dituela gaztelania baizik ez dakitenentzat lanpostuak lortzeko.

López Basagurenek adierazi du premisa faltsu batean oinarritutako irakaskuntza eraiki dela, familiakoa ez den hizkuntza batean ikasteak errendimendu akademikoa kaltetzen ez duela argudiatuta: “Familiako hizkuntza edo gizarte-ingurunekoak garrantzirik ez zuela saldu zuten, eta edozein haurrek hasieratik berea ez den hizkuntza batean ikas dezakeela, ikaskuntza-prozesuari inolako kalterik egin gabe eta bi hizkuntza menderatuko dituen onurarekin”.

EHUko katedraduna izateaz gain, López Basaguren ezagun egin zen 2016/2020 legegintzaldian Estatutua erreformatzeko prozesuan aditu gisa parte hartu zuelako, PSE-EEk proposatuta.

Juan Luis Ibarra berriz mintzo

Ekitaldia Gasteizko Kultur Etxean egin dute eta Euskara denontzat/Por un euskera sin barrera plataformak eta Euskal Federalistak taldeak antolatu dute. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde ohi Lourdes Auzmendi, Patxi López eta EAEko Auzitegi Nagusiaren presidente ohi Juan Luis Ibarra.

Ibarrak adierazi du euskarari buruzko neurrien jarraipenean justiziari zilegitasuna kendu zaiola, eta administrazioek ezin dutela legez kanpo jardun. Hala ere, ez du ezer esan orain dela gutxi eginiko adierazpenez. Ibarrak iragan urrian adierazi zuen epai euskarafoboei eginiko kritikek ETArekin lotura zutela, eta argudiatu zuen “sufrimendua sozializatzeko estrategia” eta “epaileei zilegitasuna kentzeko kanpainen oihartzuna” antzematen zirela.