Euskarazko haur eskola bana arriskuan dira Hendaian eta Biarritzen

  • Txiki Txoko haurtzain etxea euskaraz jarduten duen bakarra da Hendaian. Haur kopuruak behera egin duenez, etorkizuna arriskuan ikusten dute. Zortzi haur behar dituzte datorren ikasturterako. Biarrizko Ohakoa haurtzaindegiak, berriz, zailtasun ekonomikoak dauzka eta diru-bilketa abiatu du. Lapurdiko hiriburuan euskaraz ari den haurtzaindegi bakarra da.


2026ko otsailaren 13an - 10:44
15.000 euro biltzeko asmoa azaldu dute Ohakoa haurtzaindegiko gurasoek. Euskal Irratiak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Kazeta.eus hedabideak Txiki Txoko haurtzain etxeko kideekin hitz egin du, eta haiek azaldu dutenez, irailean hasiko den ikasturterako zortzi haur behar dituzte haurtzain etxeak aurrera jarraitu dezan. Izen-emateek behera egin dute, Hendaian haur gutxiago ari direlako jaiotzen. Arduradunek Kazeta.eus-i adierazi diote 0-3 urte arteko zortzi haur hartzeko lekua dutela eta bi zaintzailerekin arituko direla. Guraso erdaldunei ere dei egin diete haien haurrak matrikulatzera. 2013an sortu zen euskara hutsez ari den haurtzain etxea eta Lapurdiko herri horretan euskarazko bakarra da.

Ohakoa haurtzaindegiak baliabide ekonomikoak behar ditu

Euskal Irratiek emandako informazioaren arabera, haurtzaindegiak zailtasun ekonomikoak ditu eta laguntza behar du proiektua iraunarazteko eta garatzeko. Batez ere 2024ko bi erabakik okertu dute egoera: batetik, hitzarmen kolektiboari esker langileek soldata igoera izan dute, eta bestetik, Pirinio Atlantikoetako departamenduak dirulaguntzak kendu dizkie haurtzaindegi guztiei. Ohakoak 17.000 euroko galera izan du, ondorioz. CAF enpresak dirulaguntza igo du “pixka bat” eta Biarrizko Herriko Etxeak doan utziko die eraikina 2027ra arte. Orain arte, 27.000 euro ordaintzen zuten eraikina. Haurtzaindegiak berak egin duen sostengu-deian adierazi dute CAFen, herriko etxearen eta familien ekarpenekin ezin zaiela aurre egin behar oinarrizkoei. Ohakoak ez du haur gabeziarik. 40 ume jaso ditzake urtero eta hamar profesional ari dira lanean.

15.000 euro bildu nahi ditu elkarteak eta webgune bat prestatu du bilketa egiteko eta proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.


Irakurri gehiago: Euskara Hezkuntza Gizartea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Euskara kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...