Irailaren 22an egingo da Euskal Zinemaren Gala. Bertan banatuko da Zinemira saria; Jose Ramon Soroizek jasoko du. Saila Igor Legarretaren Inurri itsuak filmak zabalduko du, eta Karlos Argiñanori buruzko Un tal Karlos-ek itxi, Arantxa Aguirrek zuzendua. Hamargarren urteurrena du Zinemirak.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Donostiako Tabakalerako aretoa bete-bete, eguzki galgatan argazki ofiziala egin ostean egin dituzte aurkezpenak Jose Luis Rebordinos egungo zuzendariak eta erreleboa emango dion Maialen Belokik. Hogei minutu besterik iraun ez dituen ekitaldian, arrapaladan bota dituzte Euskal Herrian ekoiztutako zinemak aurtengo jaialdian izango dituen detaileak. Asko dira, 31, baina ezaugarri aski ezberdinak dituzte. Erakundeen ordezkaritza zabala izan da ekitaldian; hala nola Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politiketarako sailburu Ibone Bengoetxea eta haren aldameneko Andoni Iturbe egon dira bertan, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko buru Eider Mendoza ere, eta Donostiako Udaleko eta Donostia Kulturari loturiko arduradunak ere bai.
Euskal ekoizpenak deritze Euskal Herrian ekoiztutako edota Euskal Herriko ekoizpena duten lanei. Horien aurkezpena egin dute abuztuko azken ostiralean Donostian. Zifratan, 31 dira guztira. Horietatik hamahiru dira euskarazko izenburua dutenak, eta zuzendari euskaldunak dituztenak. Gainontzekoen artean batzuk Euskal Herrian ekoitzi, filmatu, kokatu eta gaztelaniaz eginikoak dira; edota izan daiteke, baita ere, Veneziako Mostran datorren astean lehiatuko den Succederà questa notte (Nanni Morreti) filmaren kasuan bezala, lanean aritu den ekoizleetako bat Euskal Herrikoa dela –kasuon, berriki Maspalomas eta Gaua filmetan parte hartu duen Irusoin enpresa–.
Euskarazkoak direnen artean, nabarmentzekoak dira Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo proiektatuko den Azken agurra, Koldo Almandozena (ARGIA presente egon zen grabaketa saio batean; EITBk gaur argitaratu du filmaren aurrerapen bat); Igor Legarretak zuzendu eta Zinemaldiaren ostean aretoetara iritsiko den Inurri itsuak, Itziar Ituñoren eta Urko Olazabalen parte hartzea duena; Oskar Alegriaren Hamalau gau; eta dokumental eran produzitutako Muguruza FM 40 Tour, Fermin Muguruzari buruzkoa, Ander Merinok ekoitzia, eta Gatibu musika taldeari buruz Jabi Elortegik egin duena. Aipaturiko horiek denak eta gehiago, guztira hemeretzi, ariko dira Irizar Saria eskuratzeko lehian; 20.000 eurokoa da premioa.
Euskal ekoizpena duten 31 lan zerrendatu ditu Donostiako Zinemaldiaren antolakuntzak. Horietatik 26 film luzeak izango dira; bi telesail; pelikula ertain eta labur bat; eta ekoizpen fasean dagoen beste bat. Nabarmenduko diren gaien artean, Maialen Beloki zuzendariak esan duenez, memoria historikoa eta familia gatazka egongo dira.
Belodromoan proiektatzen diren filmak izaten dira jende gehien biltzen dituztenak, edukiera aldetik ere handiena hori delako. Familiak bildu ohi ditu, eta aurten ere bilduko ditu ETBren Goazen telesailaren denboraldi berriaren estreinaldiak, hamahirugarrena izango du. Fermin Muguruzari buruzko dokumentala ere bertan proiektatuko da, eta Aritz Morenoren Karateka ere bai. Sarrera horiek dagoeneko salgai daude Zinemaldiaren webgunean; gainontzekoak irailaren 13an ipiniko dira.
Ana Díezen Ander eta Yul filma izango da Klasikoak sailean emango den filmetako bat. Euskadiko Filmategiak zaharberritu du. EITBren Galan, bestalde, David R. Losadaren Odol ilargia telesaila estreinatuko da; eta Jatorria:Euskadi deituriko sailean, berriz, Ainhoa Alzibarren eta Beatriz Nietoren Ondarea. Euskal sukaldaritza berriak 50 urte film ertaina.
Soroizek, Zinemira saria
Irailaren 22an egingo da Euskal Zinemaren Gala, eta bertan jasoko du Jose Ramon Soroiz aktoreak Zinemira saria. Donostiako Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko aitortza, ibilbideari errekonozimendu gisa. Iaz Telmo Esnalek eta Asier Altunak jaso zuten, batik bat hogei urte bete zirelako Aupa Etxebeste! filma egin zutenetik.
Maialen Beloki zuzendariaren esanetan, saria jasoko du egin duen ibilbide oparoagatik. Oro har antzerkigintzan aritu bada ere, zinemaren bidez “euskaldunen etxeetan sartu” zela nabarmendu du Jose Luis Rebordinosek, hala nola Jaun eta jabe eta Bi eta bat telesailengatik. Belokik gehitu du Patria eta Maspalomas lanengatik ezagutarazi dela Espainiako Estatu mailan, euskaldunek lehendik ezagutzen bazuten ere.