Euskaraz lan egiteko eta artatuak izateko eskubidearen alde mobilizatu dira administrazioko langileak

  • Iruñean asteartean egin dute kontzentrazioa, Donostian, Bilbon eta Gasteizen astelehenean, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta. “Berme juridikoak” exijitu dituzte. Astearte arratsalderako mobilizazio berria deitu dute Donostian, EAEko Auzitegi Nagusiak iragan astean emandako sententzia salatzeko.


2026ko otsailaren 3an - 16:23
Iruñeko mobilizazioa. ELA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Erakunde publikoetan ez daude bermatuta euskaraz lan egiteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideak; are, arrisku larrian daude”, adierazi dute sindikatuek asteleheneko ohar bateratuan. Horren seinale, salatu dute, euskararen normalizazioaren aldeko neurriak baliogabetzeko EAEko auzitegietan ehun sententzia baino gehiago ebatzi izana. Oldarraldi horretan CCOO eta UGT sindikatuak jokatzen ari diren papera azpimarratu dute. “Epaile euskarafoboei bazka” ematea leporatu diete, eta euskara “bere garairik ilunenetara itzularazi” nahia.

Lehenago ere aldarrikatu dituzten hainbat zeregin gogoratu dituzte mobilizazioetan: euskararen aurkako sententziak salatzea, administrazioa guztiz euskalduntzeko planak ezartzea, euskarazko zerbitzuak jasotzeko erabiltzaileek duten eskubidea bermatzea, edo lanpostu publiko guztien hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data ezartzea.

Astearte arratsaldean mobilizazioa egingo dute Donostian, Euskalgintzaren Kontseiluak, Donostiako Bageraelkarteak eta ELA eta LAB sindikatuek deituta. Iragan astean EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena salatuko dute bertan. Auzitegiak Donostiako Udaleko kartografia zerbitzuko bi lanposturen lan deialdia baliogabetu zuen euskara eskakizuna “gehiegizkoa” zela argudiatuta.

Gasteizko Legebiltzarreko eztabaida

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mobilizazioen kasuan, gogoratu dute Gasteizko Legebiltzarrean Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko eztabaida abian dela, bere garrantzia azpimarratuta. EAJk eta EH Bilduk egin dituzte erreformarako proposamen zehatzak, oldarraldi judizialak sortutako inseguritateari aurre egiteko. Sindikatuek EAJri eskatu diote “ausardiaz eta arduraz” jokatu eta EH Bilduren planteamenduaren alde egitea.


2025eko abenduaren 4
Zenbat Garak 30 urte
Arnasgune bat, Bilboko basamortuan

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.