Desobeditu eta euskaraz erantzungo dute baxoko matematikako azterketa Seaskako ikasleek

  • Pariseko erabakiari kontra eginez, baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzungo dute Bernat Etxepare lizeoko ikasleek. Ondorioen berri badute ere, bakoitzak ahal duen neurrian jarraituko du erabaki “kolektiboa”.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Pariseko debekuaren aurrean azterketak euskaraz egingo dituzte. ETB

2026ko maiatzaren 5ean - 16:25
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Apirilaren hasieran Parisetik matematikako proba euskaraz egitea ukatu ostean, asteartean jakinarazi dute Seaskaren Bernat Etxepare lizeoko ikasleek desobedientziaren bidea hartuko dutela. Ikasle guztien babesarekin emandako prentsaurrekoan, Haize Etchegaray Aracama eta Hodei Lekuona Blanco bozeramaileek adierazi dute ekainaren 12an egingo duten baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzungo dutela, euskaraz ikasten dutelako eta “azterketak euskaraz nahi” dituztelako, Kazeta-k jaso duenez.  

2012-2019 urteen bitartean Ipar Euskal Herriko ikasleek azterketak euskaraz egin bazituzten ere, Parisetik egindako erreformarekin, azterketak frantses hutsean egitea inposatu zitzaien. 

Izan ditzaketen ondorioen jabe dira ikasleek: Bordeleko Akademiaren irizpideak jarraituz gero, ez dizkiete euskaraz egindako azterketak zuzenduko. Horregatik, “ezin dute denek bururaino joan”, baina ikasleek “kolektiboan” hartu duten erabakia izan da, Berria-k jaso duenez. Azaldu dute guraso, irakasle eta langileek beren erabakia babesten dutela.

Desobedientziaren transmisioa

Ez da hau ikasleek desobedientzia hautatzen duten lehen aldia. 2021ean ikastetxe berean 40 ikasle inguruk Filosofiako azterketa euskaraz egiteko hautua egin zuten. “Harrotasunez” jarraitu diote belaunaldien arteko desobedientziaren transmisioari, baina azaldu dute ez dietela borroka horren beharra ondorengo belaunaldiei utzi nahi, azterketak euskaraz egiteko eskumena lortu nahi baitute. 

Euskal gizarteari beren borroka babesteko eskatu diote. Horretarako, besteak beste, sinadura bilketa abiatu dute, eta mobilizazioa antolatu igandean ospatuko den Herri Urratsean, 17:00etan Araba gunean. 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
2026ko martxoaren 24
4. eta 5. egunak | KRONIKA
Euskaldunok, desobedientziara kondenatuta?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.