Euskaraz deklaratzea errefusatu eta epaitegitik kanporatu dituzte EHEko lau auzipetuak

  • Euskaraz defenditzeko eskubidea ukatu die Baionako auzitegiko epaileak Euskal Herrian Euskarazeko lau kideei. Beraien desadostasuna eta kexua adierazten ari zirela, Frantziako Poliziak kanporatu ditu epaitegitik eta epaiketak aitzina egin du beraiek gabe. 1.500 euroko isuna eta bi urteentzako eskubide zibilen ukapena ukan du zigor gisa batek, eta beste hiruek, berriz, 500 euroko isuna.

Auzitegi aitzinean egin dute elkarretaratzea, elkartasunez. EHE

2026ko otsailaren 5ean - 17:23
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Epaiketa bera euskaldunok jasan behar ditugun eskubide urraketen beste adibide argi bat izan da", Euskal Herrian Euskarazen arabera. Ostegun arratsalde honetan ukan dute EHEko lau kidek epaiketa Baionan, iazko irailean buruturiko ekintzaren harira. Baina beste auzi batzuetan gertatu den bezala, ezin izan dute beraiena euskaraz defenditu. Alta, eskubide hori bermatzeko eskaera ofiziala egina zuten, baina ez zaie onartua izan.

Aitzinetik jakina zen euskaraz adierazteko bidea errefusatzen bazitzaien, auzipetuek ez zutela parte hartuko epaiketan. Arratsalde hastapenean sartu dira epaitegira eta euskaraz aritzearen aldeko arrazoiak entzun ondoren, epaileak argi utzi die frantsesez edo gaztelerazko itzultzailearekin eginen zituzten adierazpenak baizik ez zituela onartuko. Hori horrela, EHEko kideek beraien desadostasuna eta kexua plazaratu dituzte, eta finean, Frantziako Poliziak kanporatu ditu auzitegitik. Gelaz aldatu eta auziak aitzina egin du lau epaituak kanpo utzita.

Frantziako Estatuaren jarrera salatu du EHEk: "Euskararen aldeko itxurazko ekintza batzuk egin arren, agintariek euskara heriotzara kondenatzen dute". Euskaldunok jasandako zapalkuntzaren parean, "jarrera intsumisoz eta desobedienteaz erantzuteko deia" luzatu dute, erantzun horiek "arduraz eta kolektiboki" garatzearen garrantzia azpimarratuta.

Iragan irailaren 27an "Euskaraz bizi nahi dugu" mezua margotu zuten Departamenduaren egoitzaren sarrerako paretan, eta horregatik ziren ostegun honetan epaitegira deituak.

Isunak lauei

Epaituriko hiruk 500 euroko isuna ukan dute, gibelapenarekin. Laugarrenak, haatik, 1.500 euro ordaindu beharko ditu eta horrez gain, bi urtez ukatuko zaizkio eskubide zibilak –azken hau, jadanik zigortua izan zen aurretik ere–. Berria-k jasotakoari segi, ondokoa adierazi dute auzitegitik ateratzerakoan: "Ez gaitu batere kezkatzen, ez gaitu horrek geldituko. Segituko dugu euskararen alde borrokatzen". Datozen egunetan jarriko dugu elkartasun kanpaina abian.

Ez da lehen aldia euskaraz defenditzeko eskaerari ezetzarekin erantzuten zaiola Baionako auzitegian. Egoera salatu zuten hainbat epaitutakoek iazko abenduan. EHEkoen ondoan egon ziren, besteak beste, Ostia Kolektibokoak edota etorkinen eskubideen aldeko ekintzaile batzuk.


2026ko martxoaren 13
Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean?
“Sabinek dio giroa astindu behar dela”

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.