Hego Globaleko hainbat komunitate gutxituk garatutako hizkuntza narratibak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak, eta horiek Euskal Herriko errealitatearekin gurutzatu dituzte hainbat eragilek, Taupa mugimenduaren bitartez. Gogoeta horiek aurkeztu dituzte Bihar nazioarteko kongresuan, eta hizkuntza soilaz harago, nortasunak, justizia soziala, edota bizi-baldintzak izan dituzte hizketagai.
(Nazioarteko “elkartasun fronte” bat, hizkuntza komunitate gutxituak biziberritzeko / Bihar nazioarteko kongresua I)
Irailaren 23tik 26ra bitartean, Euskal Herriak etxea eskaini dio Bihar kongresuari. Lau egunez bildu dira Bilbo, Irun eta Hendaia artean mundu osoko adituak, hizkuntzaren aktibistak eta artistak. Biziberritzen ari diren hizkuntza komunitate gutxituen parte dira denak, eta hizkuntzak bere horretan baino, horiek biziberritzeko diskurtsoak izan dituzte hizpide. Helburu dute menpekotasunetik ahalduntzera salto egin eta tokian toki hizkuntzek bizitzeko baldintza hobeak izatea.
Izan ere, mundua azkar dabil. Dagoeneko ez da albiste globalizazio- eta kulturen homogeneizazio-garaian, hizkuntza andana galbidean egotea. Unescok dio munduko hizkuntzen %40 direla egoera horretan daudenak, hots, 3.000 bat hizkuntza. Baina ez dira denak berri txarrak, hizkuntza horietako 200 bat biziberritze prozesuan baitaude, erakunde berak emandako datuen arabera.
Alabaina, Garabidek, Plazara kolektiboak, Soziolinguistika Klusterrak eta Taupak, kongresuaren antolatzaileek, hizkuntza gutxitu horiek biziberritzeko diskurtsoak zaharkituta geratu diren susmoa dute, alegia, gaur egun jada ez direla eraginkorrak bizi dugun munduan. Soziolinguistika Klusterreko Maite Asensiok azaldu duen moduan, “narratiba tradizionalak higatuta daude, eta ez dute motibatzen”. Beraz, nola kokatu diskurtso horiek nazioartean eta modu eraldatzailean?
Belen Uranga: “Biziberritze prozesuetan ez da komeni hizkuntza eta identitatea gehiegi bereiztea”
Zein dira hizkuntza gutxituak biziberritzeko erabiltzen ari diren narratibak? Nola egiten dute hiztunak motibatzeko? Soziolinguistika Klusterra arduratu da diagnostiko hori egiteaz, eta Belen Uranga hizkuntza teknikari eta ikertzaile soziolinguistak aurkeztu ditu ikerketaren ildoak. Hego Globaleko hainbat hizkuntza biziberritzen dabiltzan 92 ekintzaile elkarrizketatu dituzte, baita eztabaida taldeak egin ere, euren esatekoak ezagutzeko. Urangak hasi aurretik dagoeneko ohartarazi gaitu: “Aniztasun horretan guztian, ikuspegi eta iritzi ezberdinak aurkitu ditugu hizkuntzen biziberritzeen diskurtsoen inguruan, ez baitaude denak egoera berean”. Alegia, komunitate batzuentzat garrantzitsua dena, beste batzuentzat ez da. Hala ere, identifikatu dituzte kasu gehienetan errepikatzen diren hiru dimentsio nagusi.
Lehenengoan, hizkuntzak nortasunarekin duen harremanari erreparatu diote. Aurkitu dute, modu orokorrean, komunitate gehienetan hizkuntzaren bitartez eraikitzen dela norbanakoa zein komunitatea, eta hala, talde pertenentzia- eta harrotasun-emaile dela hizkuntza. “Horrek garrantzi handiagoa hartzen du diasporen kasuan, bizirauteko erresistentzia gisa balio duelako hizkuntzak”, gehitu du Urangak. Hala ere, gaur egungo mundu globalizatuan ideia hori konplexuagoa da, “nortasun berriak eta askotarikoak” sortzen ari direlako: migrazioen ondoriozkoak, hiztun berriak, beste hizkuntza hegemoniko batzuekin kontaktuan dauden hiztunak, jatorri eta baldintza sozial ezberdinetako hiztunak… Urangak azaldu duenez, topatu dute “hiztun berriek legitimitate arazoak” aurkitzen dituztela.
Hegoalde Globaleko hizkuntzak biziberritzeko diskurtsoetan, komunitateen nortasunak (“gu-ak”) nola eraikitzen diren azaltzen jarraitu du Urangak. Klusterreko kideek ikusi dute, orokorrean, auziak zerikusi handia duela lurraldearekin, hots, hizkuntza lurrari estuki lotuta dagoela, eta horrek baduela oihartzuna, besteak beste, kulturan, memorian, ezagutzan, osasunean, espiritualtasunean, eta iraunkortasunean. Nola eraikiko ditugu gure arteko harremanak? Ze produktu kultural sortuko ditugu? Zer eta nola gogoratuko dugu gure buruaz? Zer ikasiko dugu? Zertan sinistuko dugu? Hala, ikerketaren esperientziatik abiatuta, Urangak irakaspen bat atera du: “Biziberritze prozesuetan ez da komeni hizkuntza eta identitatea gehiegi bereiztea”.
Bigarrenari, dimentsio politiko-eraldatzailea deitu diote, justizia sozialarekin eta asimilazio politikekin baitu zerikusia. Hego Globaleko narrazio eta diskurtso berrietan premisa argia da, azaldu du Urangak: “Inork ez du erabaki hizkuntza hitz egiteri utziko diola hala nahi izan duelako, baina ezin gara biktimismoan erori”. Proposatzen dute, beraz, jasotako min historikoaz hausnartu eta etorkizunari begira jartzea, “utopia posible baten bitartez”. Eta uste dute hori ez dela hizkuntzaren aldeko borrokaren bitartez soilik lortuko, baizik eta “beste borrokekin txirikordatuta”, gehitu du Urangak.
Hirugarrenik, dimentsio pragmatikoa landu dute Klusterreko kideek: Zertarako balio du hizkuntzak? Motzean, Urangak azaldu du hizkuntza gai izan behar dela bizitzako esparru guztietara iristeko, eta horietan baliagarria izateko: “Gaur egun, batez ere, alor ekonomikoan aitortu nahi zaio balio hori, baina ezin da horretara mugatu”.
Amaieran, azaldu du badagoela aurreko guztiei eragiten dien azken dimentsio bat, hots, erantzukizun partekatuarena: “Prozesu politiko-historikoek zapaldu gaituzte, baina hizkuntza biziberritzeko ardura geurea da: guk egiten ez badugu, nork egingo du?”. Hala ere, Hego Globaleko narratiba berrietan ikusi dute erakunde publikoei ere egozten dietela hizkuntza biziberritzeko ardura eta erreparaziorako erantzukizun historikoa. “Baina beti ere lidertza komunitateak izan behar duela”, amaitu du Urangak.
Identitate pluralak eta desberdintasun materialak aitortzetik
Hego Globaleko kontakizun berri horiek ba al dute zeresanik Euskal Herriko errealitatean? Hurrengo hitzaldian galdera horretatik abiatu da Taupa euskaltzaleen mugimendua, Soziolinguistika Klusterraren diagnostikoa entzun eta gero. Izan ere, Euskal Herriko hainbat gizarte mugimendutako kiderekin batera jarri dute gaia mahai gainean, tartean mugimendu feministako, ekologistako eta LGTBIQ+ kolektiboko eragileekin. Ondoren, Taupada hausnarketarako eta formakuntzarako gunean ere sakondu zituzten hainbat ideia, Miren Artetxe, Aritz Landa eta Leo Bueriberiren laguntzarekin. Sozializazio prozesu horren nondik norakoak aurkeztu dituzte Jasone Mendizabal eta Onintza Olaizola Taupa mugimenduko kideek.
Kontatu dutenez, hasierako galdera egitean –zer gertatzen da hizkuntza beste borroka sozial batzuekin gurutzatzean?–, segituan, esperientziak bihurtu ziren eztabaidaren erdigune, eta nabarmendu dute gogoeta gehienak bizi-baldintzen ingurukoak izan zirela, ikuspegi materiala kontuan hartzen zutenak. Hala, gure testuingurua ardatz izanik, tentsio eta galdera berriak sortu zirela azaldu dute Mendizabal eta Olaizolak. Adibidez, aipatu dute erraza izan daitekeela euskarara hurbiltzen diren pertsonei hizkuntza ikasteko eskatzea… “baina zer gertatzen da pertsona horrek lan-prekaritatea, zaintza-lan karga izugarria, diru falta edo egonkortasunik eza pairatzen baditu?”.
Hari horretatik tiraka, argi azaldu dute hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko aukerak ez daudela berdin banatuta, eta horregatik, auzia ezin dela norbanakoaren borondatera mugatu: “Galdera ez da soilik zenbatek dakiten edo ikasten duten euskara, baizik eta zenbatek duten euskara erabiltzeko aukera, epaituak izan gabe”. Alegia, euskararen erabilera sustatu nahi bada, “erabilera posible egiten duten baldintzei” ere begiratu behar zaiela hausnartu zuten. Eta horrek beste galdera batera eraman zituen: “Ze gizarte-proiektu eskaintzen dugu euskaratik?”.
Bi hizlarien esanetan, “euskararen aldeko proiektuak hizkuntza erabiltzeko baldintzak sortu behar dituela diogunean esaten ari gara identitate pluralak aitortzeari eta desberdintasun materialei heldu behar diegula”. “Finean –amaitu dute Mendizabal eta Olaizolak–, Soziolinguistika Klusterraren nazioarteko diagnostikoak eta Taupak egindakoak badituzte sintoniak, baina baita hemengo errealitateak sortzen dituen ñabardurak ere”. Hala, kongresu hasierako galderari itzuli bat eman, eta iradokizun batekin amaitu dute Taupako kideek: “Ze diskurtso berri ditugun baino, erantzun beharko genuke ea ze gizarte proiektu proposatzen dugun euskaratik”.